Altsasuko gertaerak izan eta urtebete iragan dela argudiatuz, Asociacion Profesional Union de Guardias Civiles elkarteko ordezkari batzuk Javier Ollo Altsasuko alkatearen bulegoan agertu dira aste honetan, ustez bilera bat egiteko asmoz. Hitzordurik ez zuten arren, Ollok bere zereginak utzi eta bildu egin zen bost guardia zibilekin. Geroa Bai-k gaur salatu duenez, ordea, bilera egitea ez den beste asmo bat zuten. Izan ere, kanpoan geratu ziren bi kazetariren grabagailua ezkutuan sartu zuten bileran guardia zibilek, eta baimenik gabe han esandakoak grabatu ondoren, Madrilgo hedabide digital batean filtratu dute bileraren edukia.
Geroa Bai-k gaur jakinarazi du gertatutakoa, eta hedabide horrek emandako informazioa lerratuta dagoela nabarmendu du. Hedabide horrek bideo bat egin du Altsasura egindako bidaiarekin, eta bideoaren aurkezpenean dio kazetaria Altsasura "alkatearekin eta Union GC elkarteko idazkari nagusiarekin" hitz egiteko joan zela. Gero argitzen du Ramon Rodriguez Prendes elkarte horretako idazkaria dela Ollorekin bildu dena. Gaineratzen du alkateak ez diela utzi kamerarik sartzen, baina audioak irekita geratzen direla diote.
Geroa Bai-k adierazi du horrelako praktikak etikoki eta moralki deitoragarriak direla, ez dutela grabaketaren testuingurua erakusten, ezta nola editatu duten ere. Gaineratu dute Altsasun giroa nahastu beste helbururik ez duela. Hain zuzen, egun hauetan Altsasuko hainbat bizilagunek ohartarazi dute kazetari bat zebilela herrian eta berarekin tentuz jokatzeko eskatu dute sare sozialetan. Hedabide digital hori ezaguna da lerratutako informazioa ematen duelako.