Sei gaztek bere burua aurkeztu dute Iruñeko epaitegian Altsasun urriaren 15eko goizaldean izandako liskarrari buruz deklarazioa egiteko. Ahotsa.info-k Twitterren jakinarazi du.
#Altsasu-ko gertakariei buruz deklaratzeko asmoarekin 6 gazteek aurkeztu dute bere burua Iruñeko epaitegietan pic.twitter.com/z6p0a4ICTG
— Ahotsa.info (@AhotsaInfo) October 26, 2016
Auzia orain Espainiako Auzitegi Nazionalak hartu du. Fiskaltzak atzo esan zuen auzia Madrilera eraman behar zela. Guardia Zibilaren eta Foruzaingoaren txostenek kontrakoa dioten arren "terrorismo delitua" ikusten duela azpimarratu zuen, eta auzia Auzitegi Nazionalean ikertzearen alde azaldu zen.
Eskaera hari jarraituz eta Coviteren salaketari eutsiz, auzia abiatzea erabaki du Carmen Lamena Auzitegi Nazionaleko 3. instrukzio auzitegiko epaileak. Diligentziak abiatu ditu, eta, besteak beste, eskatu du identifikatzeko bertsio ofiziala gezurtatuz hainbat herritarrek emandako prentsaurrekoan parte hartu zuten herritarrak. Eta gauza bera egiteko @altsasukoGA kontuaren titularrekin.
Gainera, Guardia Zibilari eskatu dio Nafarroan eta bereziki Altsasun jasaten ari diren "jazarpenari" buruzko txosten bat egiteko. Era beran, Nafarroako Auzitegiari esan dio auziari buruz dituen txosten guztiak berari eramateko. Azkenik eskatzen du identifikatzeko erasoaren bertsioa ofiziala auzitan jarri zutenak.
Beltran: "Barkosek ezin du beste aldera begiratu"
Fiskalaren autoa ezagutu eta gutxira, PPko eledun Ana Beltran pozik azaldu da. Nafarroako Gobernua kritikatu du: "Barkosek ezin du beste aldera begiratu Altsasukoa terrorismo bezala ikertu behar bada". Bere esanetan, "oso-oso larria" da Barkosek atzo esan izana azalpenak ez dituela emango ikerketa amaitu arte, eta PPren posizioa iraganera itzultzea dela. "Iraganera itzuli nahi dutenak kale erasoak berrezarri nahi dutenak dira".
Beltranek Lamela fiskalaren tesiarekin bat egin du, eta aipatu du liskarra Guardia Zibilaren aurkako "jazarpen kanpainarekin bat egiten duela". Beltranek oroitarazi duenez, ETAk nahi du segurtasun indarrek Euskal Herria uztea: "Nahiz eta orain ETAk ez duen hiltzen, segurtasun indarren lanari esker, bere ideiak eta printzipioak presente daude muturreko ezker abertzalean eta bere jarraitzaileen artean".
Lamelaren tesia
Autoaren arrazonamendu juridikoetan aipatzen denez, bi guardia zibilek “eraso bortitza” jasan zuten Altsasun. Covitek jarritako salaketa aipatuz, gaineratzen du handik ordu batzuetara kontzentrazio bat egin zela Guardia Zibilaren aurka alde hemendik leloa erabiliz. Lamelaren arabera, gainera, guardia zibilek jazarpena jasaten dute EAEko eta Nafarroako hainbat herritan.
“Delituzko gertaera larriak” dira, Lamelaren arabera. Aipatzen du KAS Alternatibak exijitu egiten zuela segurtasun indarrek Euskal Herria uztea negoziazioei begira, edo 90eko hamarkadan Alternatiba Demokratikoak gauza bera.
Lamelak dio terrorismo delitua egon litekeela eta Zigor Kodearen 573. artikulua urratzen duela. Besteak beste, bere interpretazioaren arabera, botere publikoei zerbait egin edo egiteari uzteko behartzea eskatzen du terrorismo delituak.
Dena den, hark aipatutako Zigor Kodearen 573. artikuluak honela zehazten du terrorismo delitua: besteak beste, bizitzaren edo askatasunaren aurkako delitu larria izan behar du eta lau helburu izan: orden konstituzionala urratzea; bake publikoa modu larrian aldatzea; nazioarteko erakunde baten funtzionamendua modu larrian ezegonkortzea; edo biztanlerian edo gizarte talde batean izua eragitea.
Lamelaren arabera, Altsasuko gertaerak definizio horren barruan sartuko lirateke. Bi polizia txostenek, ordea, ukatu egin dute terrorismo delitu zantzurik dagoela. Funtsean, fiskalaren autoak Auzitegi Nazionalak ikerketa hartzea bilatu du.