Altsasuko auzia

"Altsasuko auziaren epaia krudela da"

Iñaki Lasagabaster eta Sonia Ontorio abokatuek hasieratik Altsasuko instrukzio fasean zein, gerora, epaiketan bertan izan diren irregulartasunak azaldu dituzte Nafarroako Parlamentuan egindako agerraldian.

Iñaki Lasagabaster eta Sonia Ontorio, gaur Parlamentuan. UPN eta PPren eserlekuak hutsik. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
joxerra senar
2018ko ekainaren 12a
07:20
Entzun

Altsasuko zortzi gazteei etsaiaren zigor zuzenbidea aplikatu zaiela uste dute Iñaki Lasagabaster eta Sonia Ontorio abokatuek. Zuzenbide arloko profesionalen plataformako kideen izenean, gogorarazi dute justizia sistemak eskubideen errespetua eta elkarbizitza bilatu behar dituela, baina kasu honetan, alderantziz gertatu dela deritzote. "Zaila litzateke kasu honetan ikusitako arbitrariotasunaren adibide argiagorik topatzea beste inon". Hala, auzian parte hartu duten botere publikoei "mendeku gosez" aritzea leporatu diete, "bere nagusitasuna eredugarria izango den zigor baten bidez ezarri nahi izan dutelako".

Bi hutsune handi izan dira gaurko agerraldian. Ez UPN ez PP ez dira gaur goizean Nafarroako Parlamentuan izan. Bertan Ontoriok eta Lasagabasterrek auziaren nondik norako guztiak azaldu dituzte, eta instrukziotik hasita epaira arteko erabaki judizial guztiak xehetu dituzte.

Auziko irregulartasunak

Hasteko gogora ekarri dute Concepcion Espejel epaimahaiburua auzitik kanpo uzteko eskaera egin zuela defentsak, Guardia Zibilaren koronel batekin ezkondua izateaz gain, polizia armatuaren ohore domina jaso zuelako. Atzera bota zen eskaera, bi akusatuaren lekuko guztiak atzera bota ziren bezala. Frogak nola aplikatu ziren ere zalantzan jarri dute. "Ez dituzte defentsaren adituen txostenak onartu, eta bertan zalantzan jartzen ziren nola egin ziren argazkietako identifikazioak. 25 erasotzaile baino gehiago zeudela esan arren, bakarrik akusatuak identifikatu zituzten. Eurei soilik erreparatu zieten ala euren artean ados jarri ziren horretarako?".

Epaian frogatutako gertaeren kontakizunean, "ez da esaten nork eragiten dituen lesioak, eta are gutxiago, ez da esaten nork jotzen duen nor". Ontorioren arabera, "erantzukizun kolektibo moduko" bat ezartzen da: "Esaten da lau lesioengatik zigortua izateko ez dela beharrezko laurak jo izana".

"Harrigarria" deritzote auzipetze autoetan epaile instruktoreak zauritutakoen bertsioa soilik aintzat hartzea. Beste irregulartasun batzuk ere azaldu dituzte: ezagutze saioetan akusatuekiko ezaugarri fisiko desberdinak dituzten pertsonak aukeratu ziren; argazki identifikazioetan, berriz, kolpatuek NAN argazkietan soilik ezagutu zituzten akusatu batzuk, baina argazki berriagoetan ez zituzten identifikatu, nahiz eta oraingo itxurarekin alderatuta antz gehiago izan.

Era berean, harrigarritzat jotzen dute zauritutakoek ez aurkeztu izana besoan eta besaurrean babes zauririk, "nahiz eta babestu zirela baieztatu zuten". Lasagabasterren arabera, azaldutako lesioak "ez dira bateragarri  25 pertsonek indarkeriarekin egindako erasoaren kontakizunarekin: ez dago hortz, bekain, sudur apurturik; ezta ubeldurarik ere, buruan kolpe ugari jaso zituztela baieztatu arren. Ez dago begi handiturik ere".

Interpretazio juridikoa

Larritzat jotzen dute ere epaimahaiak lesioen delituetan astungarria aplikatu duelako, "legeak dioenetik harago joanez". Guardia ZIbila eraso izanagatik, gorroto delituaren astungarri figura juridikoa aplikatu dute, eta Ontorioren arabera, poliziak babesteko bestelako delituak daude (aginteari eraso egitea edo desorden publikoa). "Zuzenbidea alderatzerakoan, kolektibo bat babesteko ez da inongo zigor kodetan aurreikusten gorroto delituaren erabilerarik". Ontorioren arabera, oinarrizko eskubideen defentsa jokoan denean aplikatu ohi da astungarri figura hori, batik bat arrazakeria kasuetan. "Ez da halakorik aplikatu estatuko erakundeak babesteko".

Nahiz eta terrorismo delitua azkenean atzera bota den, epaimahaiak tipifikazioak "pilatu" egin dituela kritikatu du Lasagabasterrek. "Borondate hori dago: gertaera berdinengatik karguak biderkatuz eta astungarriak ezarriz, espetxe zigor urteak handitzea lortzen da". Lasagabasterren arabera, epaimahaiaren arrazoizko estrategia oinarritua egon behar luke lesioetan: behin gorroto delitua baztertuta, ikusi lesioak eta ondoren joan aztertzen astungarriak aplikatu daitezkeen edo ez.

Desorden publikoen kasuan, berriz, gogora ekarri dute "planifikazioa" egon behar duela. Algeciraseko (Espainia) gertaerekin parekatu du, eta Altsasuko kasuan, epaia "gogortzeko asmoa" dagoela deritzote hala Lasagasterrek zein Ontoriok.

Herritarren erantzuna

Ohartarazi dute justizia sistema bere helburutik aldentzen denean, herritarrek ez ulertzeko arriskua duela: "Auzia bultzatu dutenek eta  horregatik onura jaso dutenek, behin euren mendeku gosea ase dutenean, uste al dute gainera ulertuak izango direla?". Euren ustez, demokrazia batean ezin dira horrelako gertaerak justifikatu. "Bidegabekeriaren aurrean herritarren eta gu juriston erantzuna irmoa eta sendoa izan behar du".

Lasagasterren ustez, justizia sistemak neurrigabetasunez jokatzen duenean, herritarrek zein euren ordezkariek, legebiltzarkideek, euren ezadostasuna agertzeko eskubidea dute. Boterearen jarduna errespetua gordez egiten denean zilegia dela defenditu du. "Justizia herritik dator eta hari zor zaio". Gogora ekartzen du justizia sistemaren zilegitasuna historikoki osatzen dela, apurka, denboran, herritarrek onartu ahala. "Zuzenbideak, herritarren elkarbizitza antolatzeko eta bermatzeko funtsezko funtzioa bete dezan, baldintza hori betetzea ezinbestekoa da. Horregatik, nire ustez, Parlamentu honen kezkak erantzuten dio legea aplikatzeko moduagatik herritarrek azaldutako kezkari".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.