Altsasuko auzia

Altsasuko auziari buruzko hausnarketa egunak antolatu dituzte azaroaren 16 eta 17an

Bost mahai inguruetan auzia aztertuko dute, juristen, gazteen, kazetarien, gizarte eragileen eta europarlamentarien artean.

Altsasuko auziaren jardunaldiak aurkezteko agerraldia. JOXERRA SENAR
joxerra senar
2018ko azaroaren 2a
07:11
Entzun

Duela bi urte, 2016ko azaroaren 14an, Auzitegi Nazionalak Altsasuko zortzi gazte atxilotzeko agindua eman zuen, euren amesgaiztoari hasiera emanez. Bigarren urteurrenen horren testuinguruan, bi egunez, Altsasukoak Aske jardunaldiak antolatu dituzte Iruñeko Katakrak liburudendan, gazteen askatasuna aldarrikatzeko. Aldi berean, bi egun horietan Iruñeko Gazteluko plazan informazio gune bat sortuko dute, eta gazteen egoera islatzeko ziega bat antolatuko dute.

Gaur eguerdian egindako agerraldian, Bel Pozuetak eta Edurne Goikoetxeak, Altsasuko Gurasoak eta Altsasukoak Aske herri plataformako kideek, eman dute jardunaldien berri. Azpimarratu dutenez, esparru anitzeko eta sentsibilitate desberdineko pertsonek parte hartuko dute jardunaldietan. Oraindik ez dituzte izen guztiak lotu, eta datorren astean ezagutaraziko dituzte parte-hartzaile guztiak.

Egitarauaren nondik norakoa

Ostiral arratsaldean, azaroaren 16an, gazte taldeek auzia aztertuko dute eta etorkizunari nola heldu erreparatuko diote. Gainera, gizarte eragileek mahai-inguruan kalearen erantzuna eta sentsibilizazioa aztertuko dituzte. Larunbat goizean, juristek ikuspegi juridikoak aztertuko dituzte (hala nola, ondorioak, irregulartasunak eta prebentzio kartzelaren abusuak). Gainera, kazetari ezagunek auziaren arlo komunikatiboa jorratuko dute, eta haren ondorioak. Azkenik, larunbat arratsaldean, Europan auzia nola landu den aztergai izango dute.

Une berean, ostiralean zein larunbatean, Gazteluko plazan informazio gune bat osatuko da, eta bertan materiala salduko dute. Horrez gain, gazteen egoera islatzeko ziega bat antolatuko dute, eta hamabi orduz, 24 lagunek ziega barruan sartuko dira txandaka. Aldi berean, erakusketa bat egingo da, bi urteetako irudien proiekzioa egingo da eta kontzertu bat antolatuko.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.