Espainiako Estatuak legedi antiterrorista nola erabiltzen duen agerian uzten duen adibide nagusia da Altsasuko gazteen auzia, Amnesty Internationalen iritzian. Hala jaso du 2017an mundu osoan izan diren giza eskubideen urraketen txostenean, Espainiako Estatuari dagokion atalean.
Jaiegun batez lanetik kanpo zeuden guardia zibil batzuekin ostatu batean izandako istilu batzuengatik gazte horiei terrorismo delituak leporatzea “neurriz kanpokoa” iruditzen zaio AIri, eta salatu du auzipetutako zortzi gazteetatik hiruk oraindik espetxean daudela —2016ko urritik daude kartzelan, epaiketaren zain—. Legedi horren arabera auzipetzeagatik, gainera, Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak 50na urteko espetxe zigorrak galdegin ditu haietako seirentzat, 62 urtekoa beste batentzat eta 12 urtekoa zortzigarrenarentzat.
Altsasuko gazteena ez da euskal herritarrekin loturik AIren txostena agertzen den kasu bakarra.Tortura eta tratu txarren atalean, Nekane Txapartegiren auzia azaltzen da. 2016ko apirilean Suitzan atxilotu zuten, Espainiaren estradizio eskaera batengatik, baina Nazio batuen Erakundearen torturaren aurkako kontalaria aurka azaldu ostean, Txapartegi Espainiaren esku uztea baztertu zuen Suitzak. AIk bere txostenean gogoratzen du Txapartegi 18/98 sumarioaren barruan atxilotu zutenean torturak salatu zituela, 1999. urtean, eta nabarmendu du Espainiako Estatuak salaketa hori ez zuela behar bezala ikertu.
Adierazpen askatasunaren atalean, berriz, AIk azpimarratu du “dozenaka pertsona” auzipetu dituztela sare sozialetan eta komunikabideetan “terrorismoa goratzea” eta “biktimak umiliatzea” leporatuta. Gogoratu du iritzi “horietako asko”, nazioarteko zuzenbidearen arabera, “onargarriak” direla eta ez direla zigortu behar.
Estatu indarkeriaren biktimen legea
Era berean, Amnesty Internationalek salatu du Espainiako Gobernuak Poliziaren indarkeriaren biktimekin duen jarrera. Eta kasu jakin bat azpimarratu du: Eusko Jaurlaritzak 1979-1999. urteetan estatuaren indarkeriaren biktimen aitortza eta erreparaziorako egindako legea. Gogoratu du Mariano Rajoyren gobernuak lege hori Auzitegi Konstituzionalera eraman duela; ebazpenaren zain dago oraindik, baina hainbat artikulu, funtsezkoenak, indargabetuta daude behin behinean.
“Zigorgabetasunarekin” loturik, eta azken urteetan egin duen moduan, AIk salatu du 1936ko gerrako eta Francoren diktaduraren garaiko krimenak ikertzeko Espainiako Estatuak jartzen dituen trabak, diktaduraren amaierako Amnistia Legea dela-eta.
Horrez gain, Kataluniako egoera politikoarekin loturik hainbat kontu jasotzen ditu txostenak: iazko urriaren 1eko erreferendumean Espainiako Poliziak erabilitako “gehiegizko indarkeria”, Omnium Cultural eta ANC erakundeetako Jordi Cuixart eta Jordi Sanchezen espetxeratzea, Kataluniako egoerarekin loturik eginiko hainbat mobilizazio eta ekitaldiren debekua —adibidez, irailaren 7an Gasteizen iragarritako Anna Gabrielen (CUP) hiltzaldia aipatzen du–, eta abar.