POLITIKA

Altsasukoa "gorroto delitua" da, Fernandez Diazen arabera

PSNk txarretsi egin du bere alderdiko Altsasuko zinegotziak udalaren adierazpen bat babestu izana.

Atxilotutako bi gazteak aske utzi zituzten. Babesa jaso zuten epaitegi atarian. IñIGO URIZ / ARGAZKI PRESS
2016ko urriaren 18a
07:22
Entzun

Egunetik egunera luzatuz doa Altsasun (Nafarroa) larunbat goizaldean gertatutakoak eragindako soka. Jorge Fernandez Diaz Espainiako jarduneko Barne ministroa elkarrizketatu dute goizean Espainiako telebista publikoan, eta esan du Altsasukoa "gorroto delitua" izan dela, baina ez "kale erasoa", hori "iraganeko kontua" delako.

Fernandez Diazek esan du duela gutxi Iruñean izan zela eta bertan ikusi zuela Guardia Zibilak Nafarroan jasotzen duen "berotasuna". ETArekin lotura egin du, esanez "42 urteko terrorismoa" ez dela "gauetik goizera" igarotzen eta "aurre egin beharreko gizarte patologia bat" dagoela.

Nafarroako Barne kontseilari Maria Jose Beaumontek, berriz, adierazi du instrukzio epailea izango dela erabakiko duena Altsasuko gertakariak "terrorismo ekintza" gisa epaitu behar diren. Erantsi du, ordea, bere ustez ez direla hala epaitu behar.

Guardia Zibilaren alde mintzatu da PSN, eta alderdiko Altsasuko zinegotzia zuzendu du. Adierazpen bat onartu zuten astelehenean udalean, eta, bosgarren puntuan, udalak kezka eta ezinegona agertu zuen Guardia Zibilaren "presentzia masiboagatik". Adierazpenarekin bat egin zuen PSNko zinegotziak. Alderdiak, ordea, txarretsi egin du jarrera hori, eta Guardia Zibilarekiko babesa berretsi du.

Espainiako Kongresuak ere adierazpen bat onartu du Altsasuko gertakarien inguruan. "Eraso bortitza gaitzetsi" du parlamentuak, eta guardia zibilei eta haien bikotekideei babesa azaldu die. Indarkeria "inoiz ez da zigor gabe geratuko", erantsi duenez. Aldeko 33 boto jaso ditu adierazpenak; kontrako bi —EH Bildu eta ERCrenak—, eta Kataluniako Alderdi Demokrata Europarra abstenitu egin da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.