Igandean Altsasun izango da Nafarroa Oinez, Iñigo Aritza ikastolak antolatuta. Lan handia izan da dena taxuz atontzea. "Erronka handia ikastola txiki batendako", onartu dute gaur goizean zentroko arduradunek egin duten aurkezpenean. Baina oro prest dute; 4,5 kilometroko ibilbidean askotariko eskaintza izango dela adierazi dute. Musika izango da: Tximeleta, Oihan Vega, Moonshine Wagon, Amaren Alabak... Kirola: Erronka ekimena egingo dute gazteentzat. Entretenimendua: besteak beste, robotika tailer bat egingo da. Eta bertan otorduak egiteko aukera bikaina: zeliakoentzako eta beganoentzako eskaintzak ere izango dira aurten.
Ahalegina egin dute festan inori aterik ez ixteko, eta inklusibitatea aintzat hartu dute egitaraua antolatzeko orduan. Esaterako, mugikortasun arazoak dituztenentzat beste ibilbide bat jarriko dute aukeran. Jendea informatzeko jarriko diren paneletan-eta ere, gogoan hartu dituzte aparteko ezaugarriak dituzten pertsonen premia bereziak.
Herriko sarrera bakoitzean aparkalekuak jarri dituzte autoekin herria ez betetzeko, eta horrez gain, jakinarazi dute Renfek indartu egingo duela ohiko zerbitzua. Tren gehiago ipiniko ditu, bai Iruñetik eta baita Irundik ere. Ohartarazpen bat egin dute, hala ere; Altsasuko tren geltokia ez dago herrian bertan, eta ibilbidera iristeko kilometro eta erdi oinez egin beharko da.
Jaia behar bezala antolatzeko hamaikatxo bat "lan eskerga" egiten ari direla oroitarazi dute gaur antolatzaileek. Iñigo Aritza ikastolak 370 ikasle ditu eta Burundako lau herriei ematen die zerbitzua: Altsasu, Urdiain, Olazti eta Ziordia.