Nafarroako Gobernuak adierazpen bat egin du publiko, España Ciudadanak datorren iganderako Altsasun (Nafarroa) antolatu duen ekitaldiaren harira —Ciudadanosek, PPk eta Voxek babesten dute—. Adierazpenean dioenez, Nafarroako Gobernuak "proportzionaltasuna eta erantzukizuna" eskatu die eragile politikoei beren adierzpenetan eta ekintzetan, "elkarbizitzaren aldeko konpromisoaren ikuspegitik". Horrez gain, "errespetua galdegin du Altsasurentzako. Nabarmendu du herriak "askatasunaren defentsa, pluraltasuna eta zintzotasuna" dituela ezaugarri.
Espainia Ciudadanak Altsasuren eta Nafarroaren "erabilera okerra" egin asmo duela salatu du Uxue Barkosen gobernuak. Haren esanetan, plataformak "gainditu beharreko arerioaren irudia berreskuratu" du eta "iraganeko muturreko jarreretara" bultzatu nahi du gizartea, zabaldu dituen diskurtsoekin.
Nafarroako Gobernuak ziurtatu du Altsasuren izaera oso bestelakoa dela, Espainia Ciudadanak irudikatu nahi duenaren aldean. "Altsasuko historia ez da hasten edo eteten 2016ko urriaren 15ean". Altsasu "desberdinen arteko elkarbizitzaren herria izan da historikoki", gobernuaren iritziz. "Garraiobideen arteko lotura-gunea izanik eta industrian nahiz trenbide arloan izandako hazkundea dela bide, pluraltasuna eta aniztasuna herriaren bereizgarri bilakatu dira".
Horrez gain, Altsasu herri ekintzailea eta gizartearekin konprometitua dela ziurtatu du. "Argazki finkoak bilatuko bagenitu, gogoan izan, Altsasu izan zela errege gauean elurretara abiatu zen herria, errepidean harrapatuta zeuden ehunka pertsona erreskatatu, lagundu eta babesteko".
Igandean, España Ciudadanak egingo duen ekitaldia dela eta, Nafarroako Gobernuak Altsasuko herritarrei eta Nafarroako gizarteari eskatu die "zeinahi neurrigabekeriaren aurrean", "duintasun adimentsuz" joka dezatela; "heldutasun demokratikoan eta gizalegean" oinarritutako erantzuna emanez.
Bi deialdi
Altsasun batzarra egin zuten, atzo, hainbat herritar eta eragilek, España Ciudadanaren ekitaldiari nola erantzun erabakitzeko. Azken egunetako eztabaidaren ostean, "erantzun herritarra, bateratua, zabala sendoa, duina, eta alderdi horiek nahi duten liskarrik gabea" ematea erabaki du batzar horrek. Hartara, manifestazioa egingo dute larunbatean, 17:30ean, Utzi bakean Altsasu lelopean. Iganderako, 10:00etan "izaera aldarrikatzailea" izango duen askatasunaren gune bat antolatuko dute Iortia plazan. Han, musika emanaldiak, kultur jarduerak eta parodiak egingo dituzte jai giroan. Larunbateko manifestazioan zein igandeko gunean parte hartzera deitu dute.
Ez da deialdi bakarra izango, ordea. Altsasu Faxismoaren Kontra plataformak Txioka haur eskolan elkartzera deitu du, igandean, 10:00etan. Adierazi dutenez, "faxismoari ez zaio tarterik utzi behar ezer egiteko, ez dugu uste gure herria kriminalizatu eta zaborra botatzeko zilegitasunik daukatenik". Plataformak adierazi du bi deialdiak bateragarriak direla, eta bakoitza erosoen sentitzen den horretan parte hartzera animatu dute.
Argazkia ez oparitzera
Sortuk ere ohar bidez adierazi du igandeko ekitaldiari buruzko bere irakurketa. "Altsasuko herriak antolatu dituen protesta ekimenetan" parte hartzera deitu dute euskal gizartea. "[Albert] Riverak, [Santiago] Abascalek, [Pablo] Casadok eta Guardia Zibilak Altsasuko eta Nafarroako bizikidetzari eraso egin" nahi diotela ziurtatu du ezker abertzaleak. "Aski da Ebrotik behera boz eskukada bat lortu nahi izateagatik gatazka eta krispazioa sortzen jarraitzeaz", salatu dute.