Alzheimerrak ez du ematen atsedenik

Maria Angeles Perezen amari duela hamabi urte atzeman zioten alzheimerra. Hura zaintzea «nekeza eta gogorra» dela dio

Maria Angeles Perez, amarekin, atzo, Donostian. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
ainara arratibel gascon
Donostia
2011ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Bera eguneko zentroan dagoenean baino ez dut hartzen atseden. Nik ez dut ez jaiegunik, ezta oporrik ere». Maria Angeles Perez donostiarraren hitzak dira. Haren amak, AngelesSolasek, alzheimerra du, eta hura zaintzeaz arduratzen da. Lan gogorra dela dio: «Ondo dagoenean zoragarria eta maitagarria da. Gaur [atzo] goizean esan diot egunkarirako argazki bat atera behar ziotela arratsaldean, eta erantzun dit dotoreen geratzen zaion soinekoa jartzeko. Baina, oro har, oso gogorra eta zaila da halako gaixo bat zaintzea», dio Perezek. Zaintzaileek egiten duten lanari erakundeek garrantzi handiagoa eman beharko lioketela uste du, eta gaixotasunaren inguruko ikerketa bultzatzeko eskatu du.

Atzo izan zen Alzheimerraren Aurkako Nazioarteko Eguna. Hego Euskal Herrian 42.000 pertsona inguruk dute gaixotasuna. Eriekin batera, familiak dira gaixotasunaren egunerokoa gertuen bizi eta sufritzen dutenak. Perezen amari duela hamabi urte atzeman zioten gaixotasuna. «Hasieran, zailena zure amak gaixotasun hori duela onartzea da.Nik denbora asko behar izan nuen horretarako. Izan ere, bera beti izan zen oso emakume kementsua, alaia, aktiboa eta ekimen handikoa. Pentsa, nire anaia 13 urterekin hil zen, bizikleta istripuz, eta berak bultzatu gintuen familiako guztiak aurrera egitera. Gaitasunak galduz doala ikustea oso gogorra da».

Alaba bakarra izanda, Perezek hartu zuen hasieratik ama zaintzeko ardura. «Bizimodua goitik behera aldatu zitzaidan. Guk denbora bat generaman Valentzia inguruan bizitzen [Herrialde Katalanak], senarrak bizkarreko arazoak zituela-eta hara joatea gomendatu baitzigun medikuak. Ama eraman genuen, baina oso gaizki hartu zuen. Ez zuen han bizi nahi, eta oldartu egiten zitzaidan etengabe».

Egora «jasanezina» zen. Azkenean, alaba nahiz senarra Valentzian utzi, eta Donostiara itzuli zen amarekin. Denborarekin senarra ere bueltatu zen. «Han genuen negozioa saldu, eta hona etorri zen lanik gabe, ezer gabe. Egia esan, asko diot eskertzeko. Hasieratik egoerara moldatu zen. Ez nau sekula bakarrik utzi. Alderantziz, askotan berak zaintzen du ama edo ateratzen du paseatzera, nik atseden pixka bat hartu ahal izateko».

Urteak iraun du amaren jarrera horrek. «Badakit askotan ez dela jabetzen zer egiten duen, baina ez nuen ulertzen zergatik zuen jarrera oldarkor hori nire kontra. Afagi elkarteko psikologoak asko lagundu zidan egoerari aurre egiten, eta hura ulertzen». Hala, alzheimerra duten gaixo nahiz senideen laguntzarako elkarteek egiten duten lana nabarmendu du. «Gipuzkoan ikaragarrizko beharra egiten ari da Afagi».

Orain, «lasaiago» dago ama: «Hogei bat egunean behin izaten dituen haluzinazioak dira gogorrena. Baina orain beti ditu esker hitzak niretzat. Osasunez ere ondo dago. Nik baino emaitza hobeak ditu analisietan».

Perezen osasunean eragina izan du urte hauetan bizi izan duenak. «Azken batean, igarri egiten da sufrimendua. Egun depresioa dut, eta beso batetik ere ebakuntza egin behar didate».

Egunerokoa «nekeza» dela dio. «Libre dugun denbora hori enkarguak eta etxeko gauzak egiteko aprobetxatzen dugu senarrak eta nik».

Biak erretiroa hartuta egon arren, urteak dira ez direla oporretara edo asteburu-pasa joaten. «Alaba bisitatzera ere ezin gara joan Valentziara, ezta zinemara edo ibiltzera ere. Udan Kontxan paseoak ematearekin konformatzen gara. Ama zaintzeko norbait kontratatzea oso garestia da».

Ama jantzi eta eguneko zentrora joateko autobusera laguntzen dion pertsona bat jarri dio udalak, eta 160 euro ere ematen dizkio hura zaintzeaz arduratzeagatik. Aldundiak ere eguneko zentroaren kostuaren zati bat ordaintzen dio. «Nik uste dut erakundeen aldetik ez dutela behar beste baloratzen egiten dugun lana. Laguntzek handiagoak izan beharko lukete».

Alzheimerraren inguruan gehiago ikertzeko ere eskatu du.«Asmoa dugu hiltzen denean amaren gorpua zientziari emateko. Haren garuna ikertzea nahiko genuke». Donostian bada gaixotasuna ikertzeko zentro bat: CITA-Alzheimer. Zentroan 3.000-4.000 pertsonaren burmuinak ikertuko dituzte, gaixotasuna eragiten duten faktoreak hobeto ezagutzeko eta lehenago aurre egin ahal izateko. Horietatik 400 inguru boluntarioak izango dira. Perez eta haren senarrak ikerketan hartuko dute parte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.