Alzheimerrak hildakoen kopurua bikoiztu egin da

Dementziek eragindako heriotzak %85 igo dira 2000. urtetik 2010era, Eustat Estatistika Institutuaren arabera

Erredakzioa
Gasteiz
2012ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Eustat estatistika institutuak emandako datuen arabera, hamar urtean bikoiztu egin da alzheimerrak hildakoen kopurua Araba, Bizkai eta Gipuzkoan: 322tik 647ra, hain zuzen. Batik bat andreen artean egin dute gora endekapenezko gaixotasun horrek eragindako heriotzek. Ugaritu egin dira minbiziarekin hildakoak ere. Hazkundea %12koa izan da. Murriztu egin dira, aldiz, hiesari, errepide istripuei, arnas aparatuko gaixotasunei eta bihotzeko arazoei lotutako heriotzak.

2010ean Araba, Bizkai eta Gipuzkoan izandako heriotzen datuak ezagutarazi zituen atzo Eustatek. Guztira 19.357 pertsona zendu ziren —10.045 gizon eta 9.312 andre— , 2009an baino 267 gutxiago. Heriotza gehien abenduan izan zen: 1.952; gutxien, aldiz, irailean: 1.378. Hamar pertsonatik sei minbiziarekin eta zirkulazio aparatuko eritasunengatik hil ziren. Zendutako gizonek 74,6 urte zituzten batez beste, eta andreek, 81,8. 2000. urteko datuekin alderatuz, gizonen bizi-itxaropenak 3,7 urte egin du gora, eta emakumeenak, 2,6 urte.

Tumoreek eta bihotzeko nahiz arnas aparatuko eritasunek eragin zuten 1980ko eta 1990eko hamarkadetan heriotza gehien EAEn. Baina 2000ko hamarkadan aldaketa bat gertatu zela nabarmendu du Eustatek: minbiziak hildakoen kopuruak gora egin zuen, eta beste biek eragindakoenak, aldiz, behera egin zuen.

Minbizi kasuek %12 egin dute gora,eta gizonak hiltzeko arrazoi nagusia da; emakumeen heriotzen kasuan, bigarren arrazoia da. Emakumeak bihotzeko gaixotasunekin hiltzen dira batez ere. %4jaitsi dira halako eritasunek eragindako heriotzak hamar urtean. %14 murriztu da, berriz, arnas aparatuko gaixotasunekin hil direnen kopurua.

Gero eta gutxiago dira, berriz, hiesak hiltzen dituenak. 2000. urtean 93 zendu ziren; 2010ean, 25. %73 egin zuen behera, berriz, errepide istripuetan hildakoen kopuruak.

Gaixotasunekin hiltzen da batez ere jendea oraindik. Horren osteko arrazoi nagusiak beren buruaz beste egitea eta erorikoak izatea daude. Azken urteetan izandako joera aldaketa da hori.

Hazkunde nabarmenena dementziek eragindako heriotzekizan dute. 2010ean 1.110 pertsona hil ziren halako gaixotasunekin. Hamarretik zazpi emakumeak izan ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.