Zinpeko epaimahaiak errudun jo du Francisco Javier M. N. 2013ko maiatzaren 23ko goizaldean Amagoia Elezkano labankadaz hil zuela ziurtzat jo du epaimahaiak. Laudion gertatu zen, eta Gasteizko Lurralde Auzitegian egin dute epaiketa. Irailaren 15ean hasi eta 22an amaitu zuten. Zinpeko epaimahaiak gaur hartu du erabakia, akusazioen eta defentsaren argudioak atzo entzunda.
Orain auzia jarraitu duen epaileak erabaki behar du hiltzaileak zer nolako zigorra jasoko duen, zinpeko epaimahaiaren ebazpen horretan oinarriturik. Akusazioan aritu dira fiskaltza bera, Estatuko Abokatutza, Orozkoko Udalaren herri akusazioa, eta akusazio partikularra. 25 urteko espetxe zigorra eskatu dute.
Zinpeko epaimahaiak ondorioztatu du hiltzaileak intentzio guztiarekin hil zuela Amagoia Elezkano, ez ziola defenditzeko inolako aukerarik eman, eta beharrezkoak ez ziren sufrimenduak pairarazi zizkiola. Epaiketan agertu denez, 42 labankada eman zizkionak gizonezkoak andrazkoari.
Hiltzaileak ez zuen ukatu egina, baina saiatu zen argudiatzen "jelosiak itsututa" hil zuela Elezkano, beste gizon batekin bizitzera joan asmo zuelako. Defentsako abokatuak esan zuen ez zela prestaturiko hilketa bat izan, eta ez zela basakeriaz aritu, nahiz eta 42 labankada eman zizkion emakumeari. Bi urteko zigorra eskatu zuen defenditzen ari zen gizonarentzat.
Zinpeko epaimahaiak arrazoia ukatu dio defentsari. Bederatzi herritarrek osatu dute epaimahaia, eta haietako zortzik babestu dute azken ebazpena. Kide batek aurkako botoa eman du.