Asteazkenean Ibaieder urtegian hilik agertu zen emakumearen hilketa salatzeko hainbat bilkura antolatu ditu gaur Koordinadora Feministak Gipuzkoako Urola Kosta eskuladean. Eusko Jaurlaritzak herenegun jakinarazi zuenez, bortizki hil zuten Amaia Azkue zarauztarra, buruan kolpe gogorrak baitzituen gorpuak. Genero indarkeriaren biktima denik baztertu egin zuen Ertzaintzak atzo. Gaur, ustez harena den autoa aurkitu du Ertzaintzak, Azpeitiko Loiola auzoan, eta eraman egin du.
Hauek dira gaurko deialdiak:
-Azpeitian, 19:30ean, plazan.
-Getarian, 19:30ean, plazan.
-Orion, 20:00etan, plazan.
-Zarautzen, 19:00etan, Lege Zaharren Enparantzan.
-Zestoan, 20:00etan, plazan.
-Zumaian, 20:00etan, Magnoliopean.
Zarauzko Udalaren gaitzespena
Zarauzko Udalak hilketa gaitzetsi zuen atzo ohar bidez: “Amaia Azkueren bortxazko heriotza salatu nahi dugu”, dio oharrak. Gertaera “lazgarri eta deitoragarri” hori azkar argitzea eskatu die dagokien arduradunei, eta bere eskura dauden “tresna guztiak eskaini” dizkie Azkueren familiari eta lagunei. Hildakoak “Zarautzekin lotura handia” zuela azpimarratu du, eta oharraren bidez Azkueren senitarteko eta lagunei “zarauztarren elkartasuna eta maitasuna” helarazi nahi izan die. Jon Urien Zarauzko alkateak, gertatutako ahalik eta azkarren argitzea espero duela azaldu zuen. Era berean, gaur goizean ez ohiko plenoa hasi aurretik minutu bateko isilunea mantendu dute Udal ordezkariek. Orioko alkateak zuhurtzia eskatu du, eta familia une latzak igarotzen ari dela gogorarazi du.