Joan den astean egin zuten auzi saioa Adingabeen Auzitegian. Amaia Azkue hiltzeagatik zigortutako gazteak hitza hartu zuen auzitegian, eta aitortu egin zuen hilketa. Barkamena eskatu zien Azkueren senideei, gainera. Epaiketan agertutako bertsioa aldatu egin zuen: hasieran esandakoan atzera egin, eta Azkue ez zuela berak hil errepikatu zuen behin eta berriro epaiketan.
Azkue hil zuenean adingabea zenez —18 urte betetzear zen—, adingabeen legearen arabera zigortu zuten. Zumarragan betetzen ari da hamar urteko zigorra, adingabeen zentroan. Kontua da 21 urte beteko dituela abuztuan, eta erabaki behar zutela kartzelara sartu edo ez.
Ez sartzearen alde egin du epaileak, fiskalak eta defentsak eskatu zuten legez. Epailearen ustez, bilakaera ona izaten ari da Azpeitiko gaztea adingabeen zentroan, eta kartzelara sartzeak arriskuan jarriko luke hori. Hala ere, gaztearen egoera urtero-urtero aztertuko dute, kartzelara sartu edo ez erabakitzeko; gainera, jarrera aldatzen badu, edozein unetan espetxean sartzeko agindu ahal izango du auzitegiak.