AUZITEGIAK

Amaia Izko: "Albiste ona da, baina ez zuen gertatu behar"

"Terrorismoa goratzea" egotzita Hasier Arraizen kontra abiatutako auzia artxibatu dute. Ezker abertzaleak Espainiako trantsizio politikotik eginiko bidea defendatu zuen Sortuko presidenteak iazko azaroaren 18an. Dignidad y Justiciak helegitea jarriko duela iragarri du.

Arraiz, deklaratzera joan zenean. MARISOL RAMIREZ, ARP
2014ko apirilaren 23a
11:37
Entzun

Hasier Arraiz Sortuko presidentearen kontrako ekinbideak artxibatu ditu EAEko Auzitegi Nagusiko instrukzio epaileak.  Ezker abertzalearen ibilbide politikoaz eginiko adierazpenengatik  auzipetu zuten Arraiz, eta apirilaren 2an izan zen deklaratzen. Epailearen eta fiskalaren galderei erantzun zien, eta berretsi egin zuen Santi Brouard eta Josu Muguruza ezker abertzaleko kideen hilketen urteurren ekitaldian esandakoa. Dignidad y Justicia elkarteak uste du fiskaltzak ez duela "behar beste" ikertu eta "beste alde batera" begiratu duela. Horregatik, helegitea jarriko duela iragarri du.

Epailearen aurrean azaldu zuenez, adierazpen haiekin ezker abertzaleak orain dela 35 urte "estatuarekin hausteko" hartutako erabakia babestu zuen, "ez dituelako Euskal Herriaren eskubide nazionalak errespetatzen".

Juan Kalparsoro Euskal Autonomia Erkidegoko fiskal nagusiak auzia artxibatzeko eskatu zuen: "Sortuko presidenteak eginiko adierazpenek terrorismoa justifikatzen dutela interpreta dezakete zenbaitek, baina atzo garbi utzi zuen inongo momentutan ez zela ETAren indarkeriaz ari. Ezker abertzalearen jardun publikoaz eta 1978an trantsizioa edo sistema konstituzionala ez onartzeko hartu zuen erabakiaz ari zen, diktadurarekiko benetako haustura suposatzen ez zutelako".

Sortu: "Adierazpen askatasunaren aurkako erasoa izan da"

"Ebazpenak berretsi du Sortuk prozedura honen hasieratik esan izan duena: Arraizen hitzetan ezin zela inongo deliturik atzeman, inondik inora ere". Hala mintzatu da Amaia Izko abokatu eta Sortuko bozeramaileak. Albiste "ona" da EAEko Auzitegi Nagusiko instrukzio epaileak hartutako erabakia Sorturentzat, baina aldi berean, "eman behar ez zena", "gertatu behar ez zuen testuinguruan" eman delako. "Arraizen aurkako salaketa eta auzia adierazpen askatasunaren aurkako erasoa izan da, are, ezker abertzalearen aktibitate zein adierazpen politikoaren kontrakoa", salatu du. Zentzu horretan, "oso larria" iruditu zaio alderdiari botere judiziala epailetza horretan sartzea, "eztabaida politikoa eragotzi edo baldintzatze joera" onartzen duelako hala. 

Auziaren bidez beste eztabaida bat ezkutatu nahi dela uste du Sortuk. Trantsizio garaian ezker abertzalearen hautua "benetako haustura" izan zela berretsi du, eta gaur egun ere horren aldekoa dela. "Oso larria da, baita ere, horrelakoekin benetako eztabaidak saihestu edota ezkutatu nahi izatea. Eztabaida politikotik elementu oso garrantzitsuak hoztu nahi izatea. Elementu horiek eztabaidaren erdigunean kokatzen jarraituko dugu".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.