Amaigabeko bidea

Sekou Jabateh Liberiako 33 urteko errefuxiatuak duela lau urte eskatu zuen asilo politikoa, baina oraindik ez diote erantzunik eman.

Jon Rejado.
Gasteiz
2012ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Errefuxiatuen Munduko Eguna ospatuko da gaur. Munduko datuen berri emango dute, eta, egun batez, sentiberatze lana egingo da hedabideetan. Zenbaki horien atzean, ordea, bizitzarako eskubidea ere arriskuan izateagatik sorterriak utzi dituzten milaka pertsona. Sekou Jabateh (Liberia, 33 urte) da horietako bat, eta asilo eskubidearen «krisia» bizitzen ari da, CEARek salatu bezala.

1990ean, guda zibila hasi eta gutxira, talde batek bere familiako kiderik gehienak hil eta bahitu zituen, soldaduei laguntzeko. Urte bateko epean arma bat zuen esku artean, eta, ihes egiten saiatu zen arren, 2004ra arte ez zuen utzi ,nagusien mehatxuak zirela eta. Tarte horretan behartuta egin zituen ekintzen ondorioz, Liberiako Gobernuko agintari berrien «zerrenda beltzean» sartu zuten. «Gertuko lagun bat harrapatu eta hil arte torturatu zutenean ihes egitea erabaki nuen», azaldu zuen atzo CEARen agerraldian.

Itsasontzi batean ezkutatuta ihes egitea lortu zuen 2008an, eta bidaldi luze haren ostean Bilbora heldu zen. CEAR-Euskadiren laguntzarekin asilo politikoa eskatu zuen, eta hori aitortzen dion txartel gorria eman zioten. Hori da duen agiri bakarra, Liberiako Gobernuak ez baitio pasaportea eman nahi. Sei hiletik behin berritu behar du txartela, baina horrek laguntza handirik ez dio ematen: «Agiri honekin noanean pasaportea eskatzen didate; ez didate lana ematen, eta familia baten ardura dut».

Izapideak bi urteko epean konpondu ohi diren arren, lau urte joan dira, eta Jabatehek ez du erantzunik. Tentsio horretaz gain, iheslari askok administrazioen murrizketen eragina ere jasaten dutela azaldu du CEARek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.