Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Alderdien kanpaina

Amaiur burujabetzaren aldeko «konplizitatea» lortzen saiatuko da

Nueva Economia Forum taldeak enpresariekin antolatu ohi duen gosari-hitzaldian izan dira zerrendaburuak

Amaiurreko hautagaiak, atzo, Forum Europa Nueva Economian egin zuten agerraldian. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2011ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Ez doa «oihu egitera»; «pedagogia» egin nahi du, eztabaidatu, «konfrontazio politikoa» eduki, subiranotasunaren alde egin dezaketenen eta ezkerreko politikak aldezten dituztenen artean «konplizitatea» lortzen saiatu, «sinergiak» sortu. Lan horixe jarri dio bere buruari Amaiurrek. Espainiako Kongresura eta Senatura horretarako joan nahi duela dio Iñaki Antiguedad Amaiurren Bizkaiko zerrendaburuak, pedagogikoki. Irakaslea da, eta nabari zaio. Amaiurren oinarri, zergati eta eginbeharrak behin eta berriz azaltzen ditu modu batean eta bestean, ulertzeko moduko hizkera errazean. Kalekoan, zenbaitetan politikoki zuzena ere ez den eran. Baina modu argi eta arinean, serio izan ohi den gunean algaratxoak ere eraginda.

Nueva Economia Forum eztabaidarako taldeak politikaz zein ekonomiaz aritzeko Bilboko hotel batean aldiro antolatu ohi duen gosarian egon da Antiguedad. Baita Rafa Larreina eta Aritz Romeo ere, aurkezle Maite Aristegi zutela. 20ko hauteskundeei begira antolatutako hitzaldi sorta bereziaren barruan izan dira Amaiurreko zerrendaburuak.

Ohikoa, ezohiko

Ohiko gosari-hitzaldia nahiko ezohikoa izan da. EAko kideak egonak ziren aurrez; Alternatibakoak ere bai; baita Aralarrekoak ere. Ezker abertzalekorik, ordea, sekula ez. Estreinaldia egin dute, eta nabaritu da. Itxuran batik bat, formetan. Traje eta gorbatak jaun eta jabe izaten diren eremuan, sekula baino gorbata gutxiago ikusi da. Ohi baino elastiko eta kolore gehiago. Ekimenean iraunkorki parte hartu ohi duten enpresariak bai, ohiko trajeekin izan dira; hitza hartu behar zutenen gonbidatuetakoren bat bai, baina gutxienak. Tasio Erkizia, esaterako, txapel eta guzti egon da mahai borobilean, Oskar Matute Alternatibakoa eta Unai Ziarreta EAkoa albo banatan zituela.

Larreinak hitza hartu bezain laster azaldu du atzoko hitzaldirako zuen asmoa: «topikoak desmuntatzea». Antiguedadek ere argi utzi du helburua: «Eskerrak antolatzaileei gonbidatzeagatik, asko hitz egiten baita Amaiurri buruz, baina gutxi entzun». «Ez dugu mundu guztia konbentzitzeko asmorik. Amaiur benetan zer den azaldu nahi dugu soilik; nola sortu den eta zein den haren koherentzia». «Ez du mundu guztiak bat etorri beharrik», errepikatu du, pentsatzen duena ulertzearekin konforme dagoela adierazita.

«Amaiur sentsibilitate subiranista eta ezkerrekoen batura da, oso une jakin batean sortu dena. Mundu guztiak daki garai berri batean gaudena, eta momentu hori pertsona guztientzat eskubide guztiak eskuratu daitezen lortzeko baliatu behar da», azaldu du. «Ez dator inor ordezkatzera; osagarri izan nahi du kanporako lanari begira».

«Kanpora» esan du, Espainia eta Estatuko beste herriei begirako lana egitera baitoa Madrilera, «kanporako» lana egitera. «Independentista garenontzat Espainiako Kongresua eta Senatua ez dira gure instituzioak».

Hala ere, «momentu garrantzitsuak» merezi duela uste du, eta errealitatea ikusarazteko apustua egin du: «20ko argazkiaren zati bat izan behar dugu; independentismoaren eta ezkertiarren erdiko karrilak argazkian egon behar du».

Argazkia erakutsi ondoren, Madrilen «aktibo» izateko asmoa du Amaiurrek. Bere presentzia ez dela egonkorra izango ohartarazi du, baina «aktibo eta malgua» izango dela.

«Ez goaz oihukatzera; ez goaz Gora Euskadi askatuta! oihukatu eta alde egitera», esan du, keinu eta guzti. «Aspaldi ez dugu oihukatzen». Horren aldean, «konfrontazio politikoa» edukitzen saiatuko direla dio; «eta horrek ez du esan nahi ostiaka ibiliko garela». Proiektuen konfrontazioa egin nahi dutela azaldu du, eta independentziaren alde egingo dutela Amaiurreko ordezkariek. «Estatua ona bada Espainiarentzat edo Frantziarentzat, zergatik ez da ba izango hemengo herritarrentzat?». Hortaz, beste edonoren «baliabide berak» eskatuko dituztela adierazi du.

Edozein kasutan, independentzia aldarrikatzen dutenen aurka esaten den beste gauza bat gezurtatu du: «Erabakigunea edo baliabide berdintasuna eskatzen ditugunean, ez ditugu batzuentzat soilik eskatzen». Hori, gainera, gizartean gehienek hala nahi dutenean izango dela esan du; herritarrak izango direla horretarako berme bakarra; «hitza eta erabakia eskatzen ari gara; ez zuzenean independentzia».

Larreinak beren apustua independentzia zergatik den azaldu du: «Baliabideak izatea esan nahi du». Ekonomiaren arlotik egin du Euskal Herriarentzako estatu propio baten alde, haren ustez horixe baita krisia gainditu, bestelako ekonomia eredua ezarri eta etorkizuna bermatzeko modua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.