Espainiako Gorteetarako hauteskundeak

Amaiur eta EAJk bozak aurreratu ditzala exijitu diote Eusko Jaurlaritzari

PSE-EEk erantzun du Lopezek legealdia amaitzeko asmoa duela, eta PPk arrazoitu du igandeko emaitzek ez dutela zerikusirikBilduk eta NaBaik Nafarroan zentsura mozioa aurkezteko aukera ez dute baztertu

Rodolfo Ares eta Patxi Lopez, serio, herenegun PSE-EEren hauteskunde gauean. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
2011ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Hauteskundeen biharamunean, EAJk eta Amaiurrek eskaera zehatza egin diote Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariari. Josu Erkoreka EAJko Bizkaiko diputatuaren arabera, «ezinbestekoa bezain ona» litzateke erakundeek «euskal gizartearen konplexutasuna islatuko balute». Horregatik, Erkorekaren arabera, Lopezek hauteskundeak aurreratu beharko lituzke. Haren ustez, krisiari ezin dio behar bezala aurre egin baldin eta erakundeen eta bozen artean desorekak badaude. Iñaki Antiguedad Amaiurreko Bizkaiko hautatu berriaren arabera, «lehenbailehen» antolatu beharko lirateke bozak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, «Legebiltzarrak ez baitu inolaz ere herrialdearen errealitate soziopolitikoa islatzen». Antiguedaden arabera, igandean azaleratutako lau indar nagusiek ordezkatuta egon beharko lukete Eusko Legebiltzarrean ere.

Ezker Batuak ere eskaera bera egin du. Jose Navas Ezker Batuko eledunaren arabera, igandeko emaitzek «bereziki ahulduta» utzi dute PSE-EE eta, aldiz, indartuta Amaiur. Hartara, Navasen ustez, «ez du logika demokratikorik» egungo Legebiltzarraren osaerak. Hartara, bozak 2012ko udaberrian egitea eskatu du EBk.

Hala ere, ez PSE-EEk ez PPk ez dute begi onez ikusten exijentzia hori. Jose Antonio Pastor PSE-EEeko eledunaren irudiko, Lopezek legealdi osoa amaitzeko asmoa du, eta, horrenbestez, 2013ko martxoan egingo dira hauteskundeak, «ez lehenago». Haren ustez, «hauteskundeak aurreratzeko eskaerak «EAJren antsietateari soilik erantzuten dio». «Ezin dira hauteskunde batzuetako emaitzak besteekin nahasi, kasu bakoitzean erakunde desberdinak erabakitzen direlako eta egoerak ere desberdinak direlako».

Ildo beretik jo du PPk. Leopoldo Barreda PPko Bizkaiko diputatu hautatu berriaren irudiko, ezin dira hauteskunde batzuk eta besteak alderatu, eta azpimarratu du Legebiltzarraren egungo osaerak «erabateko zilegitasuna» duela. «Eusko Jaurlaritzara eramanez gero hauteskundeak, atzera gehien egin duena EAJ da. Ez dakit zergatik ateratzen duten halako zalaparta horregatik».

«Ez dute zergatik eragin»

Nafarroan, hauteskundeek ere izan dute zer esanik. Hala, Nafarroako Gobernua osatzen duten bi alderdiek, UPNk eta PSNk, ukatu egin dute igandeko emaitzek gobernuari eragingo diotela. Espainiako Kongresuan PPk gehiengo absolutua lortu izanak gobernuko bi alderdien arteko harremanetan eraginik izango ote duen galdetu diote Yolanda Barcinari, eta Nafarroako lehendakariak erantzun du ez dutela zertan eragin. Barcinak oroitarazi du ekainean sinatutako gobernu akordioan «oso argi» geratzen dela Kongresuan ez dutela zertan bat egin botoa ematerakoan.

Juan Jose Lizarbe PSNko eledunak, berriz, adierazi du «garrantzitsua» dela Nafarroan gobernu koalizioak aurrera jarraitzea, eta bi aldeek ekainean «lehentasunezkotzat» jo zutela akordio hura. Haren ustez, igandeko emaitzek ez dute «erlazio zuzenik» PSNk bultzatutako «aliantza politikarekin».

Bestelako irakurketa egin dute Nafarroa Baiko eta Bilduko eledunek. Patxi Zabaletaren arabera, Nafarroan ziklo politiko bat amaitzen ari da: «Nafarroako sistema politiko delakoaren amaieraren aurrean gaude». Zabaletak ez du baztertu zentsura mozioa aurkezteko aukera. «Erantzukizunez eta errealismoz aztertuko dugu aukera hori. Ez dugu ezer baztertzen, baina gaur-gaurkoz ez gaude ezeren alde».

Maiorga Ramirez Bilduko eledunaren iritziz, igandeko emaitzek erakundeetan nolabaiteko isla eduki behar lukete, eta ez du baztertzen «bide bat bera ere» aldaketa politikoa gauzatu ahal izateko. Ramirezen arabera, Yolanda Barcinaren estrategia «galtzaile» atera da, botoak galdu dituelako; eta PSNren kasuan, berriz, gogoeta asko dituela egiteko iritzi dio Bildukoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.