Amaiur koalizioak gaur egindako agerraldian adierazi du euskal gizarteak bere nahia azaldu zuela larunbatean Bilbon. Nabarmendu du argi ikusi dela euskal gizartearen gehiengoak euskal presoak Euskal Herrira ekartzea nahi duela. “Baita, zigorraren hiru laurdenak bete dituzten presoak eta gaixo sendaezinak dituztenak etxera ekartzea ere”.
Bakearen aldeko manifestazioa izan zela gogorarazi du koalizioak. Eta horregatik, Espainiako Gobernuari eta PPri eskatu die “iraganeko ohiturak” albo batera uzteko. “PPren politika mendekuan, gorrotoan, gerran eta zentzugabekerian oinarrituta dago”, adierazi dute. Baina, Amaiurreko kideek nabarmendu dute PPren barruan ere egunetik egunera gehiago direla Euskal Herrian bakea lantzeko politiketan aldaketak egiteko eskatzen dutenak.
“Behin baino gehiagotan esan diegu: euskal preso politikoen eskubideak betetzea ezin da egon inolako baldintzen menpe. Giza eskubideez ari gara, bakearen alde pausoak emateaz”, azaldu dute. Nabarmendu dute egungo egoerak ez duela bakea eta normalizazio politikoa lortzeko bidean laguntzen, eta Espainiako Gobernuak errelitateari aurre egiteko garaia baduela. “Euskal gizarteak ez du nahi eta ez du behar bakearen etsairik”.
Amaiurrek iragarri du Espainiako Diputatuen Kongresuari Jorge Fernandez Diaz Barne ministroaren “berehalako agerraldia” eskatuko diola. Bertan, Espainiako Gobernuak kartzela politikan eman beharreko pausoak zein izango diren azaltzeko eskatuko diote. “Amaiurrek beste behin ere, elkarrizketarako eskua luzatzen du adostasunetara eta elkar ulertzera iristeko. Kartzela politikak aldatu egin behar du guztion onerako”, adierazi du.