Cintruenigoko ikastetxean apirilaren 15ean eta 16an Guardia Zibilak egin zuen arma erakustaldia kritikatu du gaur Amaiur koalizioak Espainiako Kongresuan, eta egun horretako irudiak erakutsi ditu Xabier Mikel Errekondo diputatuak. "Sierra Leonakoak dirudite", adierazi du.
Mariano Rajoy Espainiako presidenteak, ordea, ikasleak eskubideen eta askatasunaren errespetuan hezteko ohiko zerbait dela argudiatu du, eta arma gutxiago eskatzekotan ETAri eskatzeko erantzun, "desegitearekin batera". Bideoa: Cintruenigoko ate irekien jardunaldiak (Jagoba Manterola, Argazki Press).
[Berriatb]http://www.berria.info/berriatb/2092/[/Berriatb]
Rajoyk, gainera, Cintruenigoko ikastetxeko gurasoen elkarteko gutun bat irakurri du, non ikastetxearen jarduna babesten duen eta ate irekien jardunaldien erabilera "okerra eta gaiztoa" egin duten alderdiak kritikatzen dituen. 800 ikaslek hartu zuten parte.
Errekondok Guardia Zibilaren aurkako tortura salaketak gogoratu ditu, eta Espainiako segurtasun indarrak Hego Euskal Herritik ateratzeko eskatu du. "Etxera itzultzen hasteko garaia da".