Espainiako Barne ministroak aurkeztutako bide orriarekin ezinezkoa da Euskal Herriko arazo politikoa gainditzea, Amaiurren irudiko. Iker Urbina legebiltzarkideak hala esan dio Jorge Fernandez Diaz Barne ministroari: «Oker zaude errepresio eta eskubide urraketa gehiagorekin gatazka konponduko dela uste baduzu». Izan ere, Amaiurren iritzian, Fernandez Diazek iragarritakoak honakoa esan nahi du: «Legez kanporatze gehiago, polizia gehiago, inkomunikazioa aplikatuz atxiloketa gehiago, sakabanaketa gehiago...».
Horregatik, jarrera aldatzeko eskatu zion Urbinak Fernandez Diazi, eta hiru gako nagusi zehaztu zizkion horretarako: legez kanporatzeak amaitzea aurrena; espetxe politika aldatzea bigarrena, sakabanaketa amaitu, gaixo dauden presoak askatu eta zigorra bete dutenak libre utziz; eta hirugarrenik, biktimen errekonozimendu, adiskidetze eta erreparazioa.
Izan ere, historiaren kontaketaz ere hitz egin zuen Fernandez Diazek. «Memoriaren kontakizuna biktimek diktatuko digute; memoria historikoarena ez, baizik eta egia historikoarena». Aurre egin zion Amaiurrek. Urbinak esan zion «alde guztien egia» bilatu behar dela: «Denok errekonozituta sentituko garen egia idatzi behar dugu, garaileen eta garaituen eskematik kanpo».
Erantzun irmoa eman zion Barne ministroak: «Garaileak izango dira: demokratak eta bake gizonak; eta garaituak ere egongo dira: terroristak». Urbinari erantzutean, «aurpegia lotsaz erori» behar litzaiokeela esan zion, presoei «preso politiko» deitzeagatik.
Amaiurrek dio «konponbide orokorra» behar dela
Iker Urbinak esan du neurri orokorrak hartu ezean ezin dela lortu «benetako bake eta demokrazia egoera»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu