Bilboko Arriaga antzokiaren aurrean egindako ekitaldi politikoan, zenbait joera politikotako gazte elkarteek Amaiurren aldeko botoa eskatu dute azaroaren 20ko hauteskundeetarako. Alternatibako Gorka Lizasok eta Aralar-Iratzarriko Leire Martinezek agiri bateratu bat irakurri zuten elebitan, eta EAko Gazte Abertzaleek eta ezker abertzaleko gazte mugimenduak ere bat egin zuten deiarekin. Bertan, gazte elkarteok aldarrikatzen dute azaroaren 20an koalizio abertzaleari eman behar zaiola botoa, euskal gazteen ahotsa Espainiako Kongresura eramango duelako. «Amaiur daukagu gure oihuaren bozgorailu. Gure eskubideak defendatu eta gure herriaren hitza bermatuko duen aukera», aldarrikatu dute ekitaldian.
Neurri berean, gaur Donostiako Belodromoan egingo den mitinera joateko deia egin diete gazteei. Amaiur koalizioa osatzen duten lau alderdietako gazte erakundeen arabera, «egungo une historikoan» gazteek ere badute zer esana, eta, era berean, «etorkizuna eraikitzen hasteko ardura» ere badute. «Garai berri hauek ilusioz eta itxaropenez bizi baditugu ere, asko dago borrokatzeke, irabazteke», azpimarratu dute.
Gogora ekarri dute «zapalkuntza bortitza» jasaten ari dela egun euskal gazteria. Alde batetik, «sistema kapitalistak» bereziki jotzen duelako gazte belaunaldia, eta bestetik, Espainiako Estatuaren «jazarpen bortitzaren» biktima izan direlako. «Horregatik, gure eskubideak eskuratzeko unea da, eta argi diogu bide honetan ez dugula atzerapausorik onartuko», azpimarratu dute.
Bi estatuei deia
ETAk armak uzteko erabakia hartu badu ere, bi estatuek oraindik ere iraganeko eskemetan jarraitzen dutela salatu dute, eta irmo exijitu diete «konfrontazioaren irizpideetatik konponbidera pasatu behar direla». Hala, atxiloketa, tortura, jarraipen, mehatxu, espetxeratze eta epaiketei «amaiera eman» behar dietela deritzote. «Guk, berriz, konponbidearen aldeko eta etorkizun aske eta baketsua eraikitzeko konpromiso irmoa berresten dugu».
Gaur egungo krisi ekonomikoaren aurrean, «Madrildik inposatzen den» eta Euskal Herrian indarrean dagoen «eredu kapitalista» iraultzeko beharra azaldu dute. Horretarako, esparruz esparru iraultza horren oinarriak azaldu dituzte labur.
Alde batetik, hezkuntzaren pribatizazioari ezetz esaten diote, eta «hezkuntza sistema nazionala eta euskalduna» aldarrikatzen dute. «Euskal curriculuma oinarri, biharko Euskal Eskola Nazionala eraiki nahi dugu». Bigarrenik, lan arloan prekarietatea gogor salatu, eta Euskal Herriak erabaki gune propioak eta lan baldintza duinak izatea aldarrikatu dute. Hirugarrenik, euskararen ofizialtasuna exijitu dute, «egungo oztopo eta debekuak gaindituz». Azkenik, gizarte eredu «bidezkoa eta solidarioa» aldarrikatu dute, «bazterketa egoerak gaindituta». Hala, alternatiba hori errealitate egiteko tresna independentzia dela uste dute, eta herriaren hitza, bermatuko duen aukera politikoa, berriz, Amaiur.
Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Alderdien kanpaina
Amaiurrek euskal «gazteen ahotsa» eraman nahi du Kongresura
Ezker abertzaleko, EAko, Alternatibako eta Aralarreko gazteek Amaiurren aldeko botoa eskatu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu