Amaiurrek ez du ziurtatua talde parlamentarioa

2011ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Amaiurrek zazpi diputatu eskuratu dituenez, ziurtzat jo da Kongresuan talde propioa izango duela, horretarako beharrezko diren bost ordezkariak aise gainditu baititu. Baina gauza ez dago horren garbi, eta, Kongresuko Mahaiak erabakiko du Amaiurri talde propioa izateko aukera ematen dion edo ez.

Kongresuko iturriek ohartarazi dutenez, talde propioa automatikoki izateko 15 diputatu eskuratu behar direla jasotzen du Kongresuko araudiak.

Bost diputatu dituzten taldeei ere, talde propioa izateko aukera ematen die, baina baldintza batzuk jartzen dizkie horretarako: taldeak hautagaitzak izan dituen lurraldeetan gutxienez boto-emaileen %15en babesa jasotzea, edo, bestela, estatu osoan emandako boto guztien %5 behintzat eskuratzea.

Amaiurrek erraz gainditu ditu botoen %15 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Botoen %19,11 jaso ditu Araban, %19,21 Bizkaian eta %34,80 Gipuzkoan.Lurralde horietan ez du inolako arazorik, beraz.

Nafarroan sortu zaio arazoa. Nafarroako boto-emaileen %14,86ren babesa jaso du Amaiurrek; araudiak eskatutako %15etik oso-oso gertu, 0,14 puntura, geratu da koalizioa.

Guztira, 333.628 herritarren botoak jaso ditu aurkeztu den lurraldean, Hego Euskal Herrian. Baina estatuko boto-emaile guztien %1,37 da hori, araudiak eskatzen dituen %5etik urruti. Horiek hala, Kongresuko Mahaiak erabakiko du Amaiurri talde propioa eman edo ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.