Igandeko hauteskundeen osteaneginiko lehen agerraldi publikoan, PPrentzako eta EAJrentzako mezuak igorri dituzte Amaiurreko kideek. PPri eskatu diote «jarrera oztopatzaileak» baztertzeko, eta EAJri eta Geroa Bairi eskua luzatu diete «Madrilen Euskal Herriaren eta euskal herritarren eskubideen alde elkarrekin jarduteko gutxieneko edukiak adosteko».
Amaiurren iritziz, hiru esparru nagusitan garatu beharko litzateke indar abertzaleen arteko lankidetza Madrilen: Euskal Herriaren eta autodeterminazio eskubidearen onarpenean, eta lan harremanetarako eta babes sozialerako euskal esparruaren aldarrikapenean. Horrekin batera, Espainiako Gobernuaren «ukazio eta oztopo jarrerari» aurre egiteko «estrategia komun bat» adostera deitu ditu alderdi jeltzalea eta Nafarroako koalizioa.
Maite Aristegik eta Iñaki Antiguedadek igandean hautatutako gainontzeko diputatu eta senatariekin batera Donostiako Miramar jauregian eginiko prentsaurrekoan adierazi dutenez, EAJri eta Geroa Bairi eginiko eskaera «zintzoa eta serioa» da. Koalizio independentistako kideek uste dute abertzaleen arteko lankidetza «beharrezkoa» egiten dutela Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan indar abertzaleek Hego Euskal Herrian lortu duten gehiengoak, batetik, eta PPk Espainiako Kongresuan izango duen gehiengo osoak, bestetik.
«Gure ustez, egoera honek erantzun bateratua eskatzen du, herri gisa jokatzea». Antiguedadek nabarmendu duenez, bi alderdiek dituzten «bat ez etortzeak» albo batean utzi, eta «adosturiko gutxieneko batzuen inguruan» lan egin beharko lukete alderdi abertzaleek Espainiako Gorteetan. «Badakigu maila sozio ekonomikoan alde nabarmenak daudela gure eta haien artean, baina egungo egoerak exijitzen du gutxieneko komunen alde aritzea», esan du Antiguedadek.
Amaiurreko kideen iritzian, oso argigarriak dira, Raxoiren gobernuak har dezakeen bideari dagokionez, PPko buruzagiek asteon egin dituzten adierazpenak. «PPk, oraindik inolako erabakirik jakinarazi gabe zegoela, agerturiko lehen jarrera publikoa Euskal Herriari buruz hartu du, Amaiurri ezezkoa emanez, eta Amaiurren 333.624 botoak estaltzeko neurriak iragarriz», salatu du Maite Aristegik.
Amaiurreko kideen iritzian, «eskandalagarriak eta larriak» dira PPko buruzagien adierazpenak, agerian uzten dutelako ez dituela errespetatzen hauteskundeetako emaitzak, eta alderdi horrek «ukazioan jarraitu» nahi duela erakusten dutelako. «Horregatik, mezu hau bidali nahi die Amaiurrek: errepara dezatela ondo euskal gizarteak zer dioen; ondo azter ditzatela igandeko emaitzak, tentuz eta sakon; jarrera oztopatzaile hori albora dezatela eta errespeta dezatela euskal herritarren hitza; arduraz joka dezatela egoera berri honek eskaintzen dizkigun ardurak aprobetxatzeko», adierazi du Aristegik.
Maria Dolores de Cospedal PPko idazkari nagusiak jakinarazi duenez, Espainiako gobernuburu Mariano Raxoik ez ditu Amaiurreko kideak hartuko Kongresuan ordezkaritza lortu duten alderdiekin egingo duen bilera errondan; argudiatu duenez, koalizioak Espainiako Konstituzioa «babesten» ez duelako.
Era berean, Amaiurrek talde parlamentarioa osatzearen aurka azaldu dira PPko zenbait buruzagi. Antonio Basagoiti EAEko PPko presidenteak, adibidez, esan du Amaiurrek «ETAren atentatu guztiak gaitzetsi arte» talde mistoan egon beharko lukeela. Antzera mintzatu da Iñaki Oiartzabal, EAEko PPko idazkari nagusia, eta nabarmendu du PP «eskuzabal» jokatzeko prest dagoela baina Amaiurrek «urrats batzuk» egin behar dituela aurretik. «Adibidez, ETAren atentatuak argi gaitzetsi behar ditu», esan du Oiartzabalek.
Zazpi diputatu lortuta, Espainiako Kongresuan taldea osatzeko bost eserlekuen langa gainditu zuen Amaiurrek igandeko bozetan, baina Nafarroan ez zituen eskuratu legeak ezarritako botoen %15 —%14,86ren babesa lortu zuen—. Hori hala, Kongresuaren Mahaiaren esku geratuko da erabakia —PPk izango du gehiengoa mahaian—. Antiguedaden iritzian, Alderdi Popularrak Amaiurren talde parlamentarioa onartuko ez balu, agerian uztiko luke alderdi horren eta, hedaduraz, Espainiako Gobernuaren «arduragabekeria eta ukazio jarrera». Ohartarazi du, halaber, erabaki horrek «interpretazio politikoa» izango duela, «Euskal Herrian, Espainian eta Europan».
Konponbidearen zerbitzura
Igandeko bozetako emaitzei dagokienez, koalizioak ondorioztatu du euskal gatazkari «irtenbide demokratiko bat» ematearen aldeko indarrek gora egin dutela eta «ukazio jarrerek», aldiz, behera. «Hauteskunde hauek prozesuaren barnean ulertu behar dira, eta konponbidearen zerbitzura jarriko ditugu jaso ditugun botoak», esan du Aristegik.
Amaiurreko kideek nabarmendu dutenez, Raxoiren gobernuak azken hauteskundeetako «sekuentziari» erreparatu behar dio euskal herritar gehienen nahia zein den jakiteko.
Bilduk ere, komunikabideei igorritako ohar batean, adierazidu Amaiurrek jasotako botoek gatazka konpontzeko nahia islatzen dutela, eta herritarrek indar metaketa saritu dutela nabarmendu.
Espainiako Gorteetarako hauteskundeak
Amaiurrek «gutxieneko edukiak» adostera deitu ditu EAJ eta Geroa Bai
Koalizioak esan du elkarlana beharrezkoa dela Madrilen, nazio eskubideak onartzeko eta gobernuaren «oztopoei» aurre egitekoGatazka konpontzeko prozesuan parte hartzeko deia egin dio PPko gobernuari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu