Taldea izatea ukatu dio Espainiako Kongresuko mahaiak Amaiurri. PPk gehiengoa baliatuta alde bakarretik hartutako erabakia izan da. Bozeramaileen batzordearen iritziak entzun dituzte Mahaiko kideek erabakia hartu aurretik, baina alderdien gehiengoaren iritziaren kontra, taldea ukatu dio koalizioari. Mahaian dauden PSOEko eta CiUko diputatuak abstenitu egin dira.
Taldea ukatzea «erabaki politiko garbia» dela uste du Amaiurrek. Ez du zalantzarik talde propioa dagokiola, eta, horregatik, Espainiako Auzitegi Konstituzionalera joko du. Konstituzionalak ez du eperik erabakia hartzeko, eta luze jo dezake. Bitartean talde mistoan egongo da Amaiur BNGko, CCko, Geroa Baiko, UPNko eta Compromiseko diputatuekin.
Mistoa osatzen duten alderdien gehiengoa Amaiurrek talde propioa izatearen alde dago, eta halaxe azaldu zioten atzo Kongresuko Mahaiari. Uxue Barkos bozeramailearen esanetan, gainera, ez dute hori defendatzen mistoan diputatu ugari daudelako bakarrik —hemezortzi gelditzen dira—, baizik eta Amaiurri talde politikoa edukitzea dagokiola uste dutelako. Talde mistoan inoiz ez da egon hiru diputatu baino gehiagoko alderdirik, eta Amaiurrek zazpi ditu. Praktikoki, mistoaren barruan talde bat edukitzea da hori, Barkosen esanetan.
EAJk eta IUk ere koalizioak talde propioa izatearen alde egin zuten bozeramaileen batzordean, baina alferrik. Lortu dutena mistoak hitzaldietarako hamar minutu gehiago izatea da.
Taldea tresna, ez helburua
Osoko bilkura hasi aurretik baina taldea izatea ukatu diotela jakin ostean hitz egin zuen Xabier Mikel Errekondok Kongresuko korridoreetan. Erabakia «erabat politikoa» dela salatu zuen; oinarri juridikorik gabe hartutakoa dela, eta horretarako irizpide juridikoak «behartu» dituela Espainiako Gobernua eskuratuko duen alderdiak.
Koalizioko diputatuen irudiko, taldea izatea ukatuta, «konfrontazio politiko eta demokratikoari dion beldurra» agerian utzi du PPk. «Ahuldadearen sintoma da». Baina Amaiurrek badaki gatazkari «konponbide demokratikoa» emateko Espainiako Gobernua «ezinbesteko eragilea» dela, eta, horregatik, «euskal gizarteak eta espainiarrak» eskatzen dutena bete eta PPk jarrera aldatuko duen itxaropena agertu du.
Itsasontziari «bakearen bidera» buelta emateko eskatu dio Errekondok Mariano Raxoiri, «konponbide demokratikoari anbizioz eutsi, eta bake iraunkor eta justua lortzeko».
Berretsi egin du Amaiurren helburua gatazkaren konpobidea dela, horretarako Euskal Herria nazio gisa onartuz eta autodeterminazio eskubidea gauzatuz. Talde propioa izatea horretarako «tresna bat» dela onartu du, baina helburua gatazka gainditzea dela. Horretarako lanean jarraituko dute, talde propioarekin edo talde mistoan.
Bilera Villalobosekin
Taldea ukatu arren, atzo bertan PPk eta Amaiurrek bilera egin zuten Kongresuan. Errekondo PPko Kongresuko lehen lehendakariorde Celia Villalobosekin batzartu zen bulego batean.
Amaiurri taldea izatea ukatzearen kontra agertu dira Euskal Herriko alderdi gehienak. EAJren EBBko buru Iñigo Urkulluk esan du koalizioak eduki egin behar zuela taldea eta araudia «malgutasunez» aplikatu behar zela. Mahaiaren erabakia «politikoa» dela bat etorri da Amaiurrekin. Hainbat alderdi «atzera begira» daudela kritikatu du, PPri erreferentzia eginez, eta aurrera begiratu behar dela nabarmendu du, batik bat, «ezker abertzaleari biktimismoa egitea eragozteko».
Biktimismoa egiten ari da ezker abertzalea Jesus Egiguren PSE-EEko presidentearen irudiko ere. Amaiurri taldea ukatuta koalizioari «kanpaina» egiten zaiola azpimarratu du. «Muturreko abertzaletasuna biktimismotik bizi da, eta zenbat eta arazo gehiago jarri, hobeto da haientzat». Inteligentziaz jokatzeko deia egin dio Raxoiri, kezkatuta baitago PPk duen jarrera ikusita. Jose Antonio Pastor PSE-EEren bozeramailearen irudiko, berriz, «neurri inpopularrak» estaltzeko erabiltzen ari da PP Amaiurren taldearen gaia.
Espainiako Kongresua. Inbestidura saioa
Amaiurrek Konstituzionalera joko du talde propioa lortzeko
«Itsasontziari bakearen bidera bira emateko» eskatu dio Errekondok PPri, erronkari anbizioz eusteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu