Amaiurrek lankidetza eskaini die EAJri eta Geroa Bairi, "Madrilen euskal herritarren eskubideen defentsan elkarrekin jarduteko"

Kongresurako eta Senaturako "gutxienekoak" adosteko proposamena egin die koalizioak. Elkarlanerako esparruak: "Euskal Herriaren aitortza, autodeterminazio eskubidearen aitortza, eta lan harremanetarako eta babes sozialerako euskal esparruaren aldarrikapena".

2011ko azaroaren 23a
13:04
Entzun

Amaiur koalizioak lankidetza eskaini die EAJri eta Geroa Bairi, Espainiako Kongresuan eta Senatuan legealdi honetan "euskal herritarren eskubideen defentsan elkarrekin jarduteko".

Hala azaldu du Amaiurren izenean Iñaki Antiguedadek gaur Donostian, Miramar Jauregian. Koalizioko zazpi diputatuek eta hiru senatarietatik bik eman dute prentsaurrekoa —beste senataria bidaian da—. EAJri eta Geroa Bairi hiruren artean "gutxienekoak" adosteko proposamena egin diete. EAJk bost parlamentari eta lau senatari lortu zituen igandeko hauteskundeetan, eta Geroa Baik —EAJ eta independenteak— diputatu bat.

Amaiurren iritziz, hiru esparru nagusitan garatu beharko lukete elkarlana: "Euskal Herriaren aitortzan, autodeterminazio eskubidearen aitortzan eta Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparruaren aldarrikapenean".

"Gatazka politikoa gainditzeko oinarriak" eramango ditu koalizioak Madrilera. "Hau da, Euskal Herria nazio gisa aitortzea eta modu zilegi eta demokratikoan dagokion erabakitzeko eskubidea. Azken batean, euskal herritarron hitz eta erabakiari errespetua exijitzera goaz Madrilera".

Ezker abertzaleak, Aralarrek, EAk eta Alternatibak osatzen dute Amaiur, eta oso gustura agertu da domekako emaitzekin. "Argi eta garbi ikusten da herritarren aldetik babes masibo bat lortu duela indar metaketaren aldeko hautuak".

PPk —berak irabazi ditu Espainiako Estatuko bozak— lehen egunetan esan du ez duela hitz egingo Amaiurrekin edo talde parlamentarioa osatzea ukatuko diola. Jarrera hori "larria" dela iruditzen zaio koalizioari. "Zer errealitatetan bizi da lau herrialdeetan ordezkari gehien lortu dituenari hitza eta taldea ukatu nahi diona?".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.