Amaiurrek Hego Euskal Herrian diren guardia zibil eta espainiar polizien kopuru zehatza jakin nahi du, eta horri buruz galdera bat aurkeztu du Espainiako Kongresuan, Espainiako Gobernuak idatziz erantzun diezaion.
Koalizioko diputatu Rafa Larreinak egin zuen galdera, otsailaren 16an, Kongresuko Mahaiak bidera zezan. «Alde batetik, datu esanguratsu bat jakin nahi dugu etapa politiko berri honetan kokatzeko. Amaiurreko indarrok beti esan dugu estatuko segurtasun indarrak Euskal Herritik atera behar direla, eta orain, arrazoi gehiagoz», azaldu dio Larreinak BERRIAri. «Bestetik, berriz, beste gai batzuen inguruan legeak zorrotz bete behar direla dioten horiei egungo legedia bete dezaten exijitzen diegu». Gernikako Estatutuak, esaterako, oso eskumen gutxi ematen dizkie Guardia Zibilari eta Espainiako Poliziari; aduanak zaintzea, pasaportea eta NANa tramitatzea, eta lehergaien garraio zaintza. «Goitik jota, berrehun espainiar polizia eta guardia zibil nahikoa lirateke zeregin horietarako. Gainontzekoak sobran leudeke, are gehiago orain arte aitzakiatzat erabili duten arrazoia desagertu den honetan», dio Amaiurreko diputatuak.
Larreinaren ustez, horregatik da garrantzitsua datu hori ezagutzea jokaleku politiko berrian kokatzeko: «Amaiurren helburua Euskal Herria desmilitarizatzea da, hitzaren esanahi osoz, osoki. Horiek dira aurkeztu dugun galderaren arrazoi nagusiak».
EAk 2004an eskatu zituen
Galderak orain dela hilabete pasa egin zuten. Dena den, Larreinak uste duenez, ez da amaitu Espainiako Gobernuak erantzuteko daukan epea, eta, gainera, gobernuak berak erantzuna atzeratzeko eskaera ere egin dezake.Amaiurreko diputatuak ez du uste, ordea, Mariano Raxoiren gobernuak datua emateari uko egingo dionik: «Duela zortzi bat urte, Eusko Alkartasunakook datuok eskatu genituen, orduko gure diputatu Begoña Lasagabasterren bitartez. Orduan, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 6.000 inguru espainiar polizia eta guardia zibil zeudela jakin genuen».
Datua esku artean dutenean erabakiko dute Espainiako Kongresuan ekimenen bat aurkeztu edo ez, baina datua bera beharrezkoa da, Larreinaren ustez, «eztabaida politikorako, bai, baina baita gizarte gogoetarako ere».
Desmilitarizazioaz, Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkari Carlos Urkijok asteon birritan esan du ez dutela guardia zibilen eta espainiar polizien kopurua murrizteko asmorik. «Urkijoren diskurtsoa iraganekoa da, eta ulertzen dut harentzat egungo kopurua ere txikia izatea», dio Larreinak; «baina Raxoi egiturak aldatu behar direla esaten ari den honetan, gobernu ordezkariak desagerraraziz hasi beharko luke aldaketa».
Estatuko polizia indarrak Euskal Herrian
Amaiurrek polizia kopuruaz galdetu du Kongresuan
Koalizioaren arabera, «indarkeriaren aitzakia» amaituta, Euskal Herria «osoki» desmilitarizatu behar da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu