Euskal gizarteak "aurrera egin eta bakea eraiki" nahi duela nabarmendu du Xabier Mikel Errekondo Amaiurreko diputatuak, eta salatu horren aurrean jarrera "atzerakoia" duela Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak.
Rajoyri atzo eginiko elkarrizketaz galdetu diote Errekondori: "Ikusarazi behar zaio, berak hala nahi ez badu ere, gizarteak eta indar politiko eta sozialen metaketak baketzean aurrera egiten jarraituko dutela".
Kataluniako prozesu subiranistaz Rajoyk esandakoaz, berriz, Errekondok eskatu dio kataluniarrei eman diezaiela euren etorkizuna erabakitzeko eskubidea, Kataluniako gizartea "burujabea" dela eta hori egitea "ariketa demokratikoa" dela argudiatuta.