ETAk, alde bakarretik, bere egitura militarra desegitea "baikorra" izan daitekeela uste du Jon Iñarritu Amaiurko diputatuak. Hala, Iñarrituk adierazi du "beste jokaleku batera" heltzea posible izango litzatekeela, eta Madrilek egoera ezin blokatzea" ekarriko lukeela.
Espainiako Gobernuak "erabateko immobilismoarekin" jokatzen du, Iñarrituren ustez, eta "edozein estatu modernok horrelako indarkeriaren aurrean hartuko lituzkeen irtenbide logiko guztiak blokeatzen ditu". "Zentzu komuna" erabiliz, arazoa konpontzeko urratsak egin beharko lituzke Espainiak: "ETAk egin ditu batzuk dagoeneko, eta gehiago egiteko prest badago, egin ditzala, baina urratsak eragile guztiek egin behar dituzte".
Foro Sozialaren gomendioak aurrera egiteko "abiapuntu ona" direla uste du Iñarrituk: "Batzuk egoera blokeatu nahi badute, saihestu dezagun hori hala izatea". Espainiako Gobernuak "orain arte bezala" jarraitzen duela adierazi du diputatuak, eta nahiz eta Euskal Herrian gauzak "asko aldatu" diren, Espainiak ez duela gaiari buruzko "politikarik" uste du: "Ezin diete iraganeko politikei eutsi".