Amaiurrekoek agiriak hartu dituzte, nazio eskubideak defenditzeko

Euren kreditazioak hartu dituzte Amaiurreko zazpi diputatuek eta hiru senatariek, Gorteak osatu bezperan«Gatazka politikoaren aterabide demokratikoa» lehentasun izango dute

Oihana Elduaien Uranga.
Madril
2011ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Gaur hartuko dituzte beren karguak Amaiurreko zazpi diputatuek Espainiako Diputatuen Kongresuan, gainerako hautetsi guztiek bezala. Konstituzioaren zina egingo dute, «legearen aginduz», eta, hain justu, Konstituzio hori aldatzea izango da haien helburua, Euskal Herriak «bere esparru soziopolitikoa» izan dezan. Argi daukate zein izango den Amaiurren egiteko nagusia Espainiako Gorteetan: «Euskal Herriaren nazio ezagutza eta erabakitzeko eskubidea defendatzea eta lortzea». Une politiko jakin honetan «gatazka politikoari aterabide demokratikoa ematea» ere izango da koalizioaren helburua; «urteetako lanaren ostean, konponbiderako garaia» dela uste baitute. Hori guztia Hego Euskal Herriko lau lurraldeak kontuan hartuta egingo dute.

Madrilen eman zituen atzo argitasun horiek Xabier Mikel Errekondo diputatuak. Alboan zituen koalizioko gainerako sei diputatuak eta hiru senatariak. Guztiek atzo hartu zituzten kreditazioak eta karterak;goizean diputatuek,arratsaldean senatariek. Atzokoa aurreneko aldia zuten Gorteetara hautetsi gisan joaten zirela, baina datozen lau urteetan gehiagotan ere joan beharko dute. Ez dago oso argi Madrilen izango duten maiztasuna, baina, Errekondok azaldu duenez, Euskal Herriarekin lotutako gaiak lantzen direnean joango dira batik bat.

Diputatuen Kongresuko labirinto itxurako korridoreetan ongi moldatu ziren Amaiurreko ordezkariak. Zuzenean joan ziren zegokien geletara. Hiru gelatatik igaro ziren, eta guztietan agiriak irakurtzen, betetzen eta sinatzen aritu ziren. Tramite guztiak egin ostean, historiara pasatzeko argazkiak ere atera zituzten. Korridoreetako batean argazki estudio bat inprobisatu zuen Kongresuko argazkilariak, eta handik pasatu ziren, banaka-banaka, jarlekuan eseri eta argazkia ateratzeko. Apaintzeko ispilua eta guzti prestatu zieten. Argazkiak atera orduko, izena galdetzen zien argazkilariak. Hasieran bi abizen eta izena apuntatzen hasi zen, baina gero, euskal grafiarekin ohitu gabe edo, aurreneko abizena bakarrik edo, kasu batzuetan, izena bakarrik apuntatu zituen.

Ez zen hori izan Amaiurreko ordezkariek atzo ateratako argazki bakarra. Izan ere, ikusmin handia sortu zuen haien etorrerak Madrilen. Komunikabide ugari zeuden, eta inguruan zebiltzan herritarrak ere gelditu ziren, halako ikusmina sortu zuen haiek nortzuk ote ziren jakiteak. Oinez iritsi ziren, eta lehoien aurrean argazkietarako tarte bat hartu ostean, barrura sartu eta hango patioan erantzun zien Errekondok kazetarien galderei.

Gertuko jarrera izan zuten kazetariekin, eta haiekin ez ezik Kongresuko ordezkari politikoekin ere jarrera bera izango dute. Guztiekin hitz egiteko asmoa dute, baita «atzerakoienekin» ere, UPD eta PPrekin. Izan ere, badakite beraien helburuak lortzeko gainerakoak konbentzitu beharko dituztela, «bake bideak erabiliz», guztiekin hitz eginez.

PPri ohartarazi dio kudeaketarako gehiengo osoa izan arren gizartearen borondatea ahalik eta zuzenen aurrera eramatea dela bere egitekoa, eta horretarako ezinbestekoa dela gizarte horren ordezkariekin eta gizartearekinharremanak izatea. Beraz, gainontzekoekin bezala beraiekin ere harremanak izango dituztela espero dute. Egoera politiko jakin honi adimenez eta ausardiaz heltzeko deia egin diote. Lehen kontaktua atzo bertan izan zuten. Korridoreetan Jesus Posada PPko diputatu eta Kongresuko presidente izango denarekin topo egin eta elkarri bostekoa eman zioten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.