Amak eskatuta, gizon bat atxilotu dute, ustez eraso egiten ziolako

Basaurin izan da atxiloketa; gizonak 300 metroko urruntze agindua zuen amarekiko

Erredakzioa
Gasteiz
2010eko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Udaltzainek 39 urteko gizon bat atxilotu zuten atzo Basaurin (Bizkaia), ama jotzea egotzita. Semeak amarekiko urruntze agindua zuen, baina, atzo, biak auto berean zihoazen bidaiatzen. Ustez atxilotuak ama jo eta mehatxatu zuen. Emakumeak, polizia etxera joan, eta semea atxilotzeko eskatu zien. Udaltzainek ikerketa hasi, eta orduan jakin zuten urruntze agindua zuela. Atxilotuari, beraz, tratu txarrak ematea eta urruntze agindua apurtzea egozten diote.

Gasteizen, berriz, udaltzainek bi gizon atzeman zituzten igandean emakumeei tratu txarrak ematea egotzita. 06:50 inguruan herritar batek Udaltzaingora deitu zuen, Judimendi auzoko kale batean izandako eraso baten berri emateko. Hara iritsi zirenean 34 urteko gizonezko bat atxilotu zuten, ustez emaztea eta ezkonarreba jotzeagatik.

Zaramaga auzoan, berriz, beste gizon bat atxilotu zuten. 00:30 inguruan izan zen, eta amari eta ilobei eraso egitea leporatzen diote atxilotuari. Gizonak 45 urte ditu.

Larunbatean beste bi eraso izan ziren, Ondarroan eta Trapagaranen (Bizkaia). Ertzaintzak emandako datuen arabera, lagunekin taberna batean zegoela ikusi, eta gizon bat mehatxuka hasi zitzaion bikotekide ohiari. Handik ordu batzuetara, gizona biktimaren etxera joan, atea apurtu eta ustez eraso egin zion. Etxean zeuden biktimaren lagunek aurre egin zioten, eta ustezko erasotzaileak ihes egin zuen. Baina berehala atxilotu zuten.

Trapagaranen, berriz, ustez ezkaratzera mozkorra iritsi, eta gizon bat etxeko atea jotzen hasi zen. Ertzaintzak jakitera eman duenez, emazteak ez zion ireki. Gizona leiho batetik sartu zen, eta ustez emaztea jo zuen. Alabari, berriz, bultzakada bat eman zion. Ertzaintzak emandako datuen arabera, gainera, gizonak etxeko hainbat altzari apurtu zituen. Emaztea Gurutzetako erietxera eraman zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.