Amatasun baimena 20 astera luzatzearen kontra azaldu da Brusela

EBren arabera, baimena luzatzeak koste handia du, eta andreak lan merkatuan hastea eragozten du

Erredakzioa
Donostia
2010eko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Europako Parlamentuak orain aste batzuk egindako eskariaren kontra, Europako Batasuneko (EB) 27 herrialdetako lan ministro gehienak amatasun baimena hogei astera luzatzearen aurka azaldu dira. Ministroen arabera, egungo krisi garaian neurriak kostu handiegia du, eta, gainera, zaildu nahiz eragotzi egiten du emakumea lan merkatuan hastea. Gutxienez bi asteko aitatasun baimena estatu guztietara zabaltzeko eskariaren kontra ere azaldu dira. Proposamena aurrera ateratzeko beharrezkoa da ados jartzea Europako Parlamentua eta EB.

Europako Parlamentuak urriaren 20an bozkatu zuen amatasun baimena hogei astera luzatzearen inguruko proposamena. Proposamenean jasotakoaren arabera, soldataren ehuneko osoa jasoko dute baimena duten amek. Proposamena onartu egin zen. Izan ere, 327 parlamentarik alde bozkatu zuten, 320k aurka, eta 30 abstenitu egin ziren. Horren aurka, Europako Batzordeak amatasun baimena hemezortzi astekoa izatea, aldi horretan soldata ehuneko osoa ez izatea eta aitatasun baimenik ez sortzea defendatzen du.

Alemania eta Erresuma Batua izan dira amatasun baimena hogei astera luzatzearen proposamenaren aurkako jarrera argiena azaldu duten herrialdeak, eta adierazpen bat kaleratu dute. Beste bost herrialdek babestu dute adierazpen hori: Eslovakiak, Suediak, Danimarkak, Txekiar Errepublikak, Herbehereek eta Maltak.

Bertan diote Europako Parlamentuaren proposamena «onartezina» dela, ez duelako subsidiariotasun printzipioa errespetatzen. Hala, negoziatzen jarraitu aurretik, neurriaren ondorio ekonomikoen inguruko azterketa bat egiteko eskatu dute.

Espainiak eta Portugalek ez dute gaizki ikusten Europako Parlamentuaren proposamena, baina «malgutasuna» eskatu dute neurria indarrean ezartzeko orduan.

Belgikak du egun EBren presidentetza, eta hango gobernuarentzat ez da beharrezkoa ondorio ekonomikoaren azterketa egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.