AMATASUN ETA AITATASUN BAIMENAK. BOZKETA EUROPAKO PARLAMENTUAN. Amatasun baimenak 20 aste izatea babestu du Europako Parlamentuak

Aitatasun baimenak bi aste izatea onartu du Parlamentuak, amena baino askoz gutxiago; baimen garaian soldata osoa ordainduko da

Garikoitz Goikoetxea.
2010eko urriaren 21a
00:00
Entzun
Gurasoek seme-alaba jaioberriei beharrezko arreta eman diezaieten, beste urrats bat egin du Europako Parlamentuak. Amatasun baimenak 20 astera luzatzea babestu du, eta eskatu du estatu guztietara zabaltzeko aitatasun baimenak, gutxienez bi astekoak. Guztia, soldataren ehuneko osoa jasota. Orain, negoziazio luzea hasiko dute Europako Batasunean .

Amatasuna luzatzea eta aitatasuna Europako Batasun osora zabaltzeko lehen pausoa soilik da Parlamentuak atzo hartutako erabakia. Ondo kostatakoa izan da; 2008tik ibili da proposamena atzera eta aurrera. Izatez, eztabaida biziak izan dira parlamentarien artean ere. Horren erakusgarri, atal horren bozketaren emaitza: epea luzatzearen alde eman dute botoa 327 parlamentarik, eta 320k, aurka; 30 abstenitu dira.

Proposamena onartuta, Emakumeen Eskubideetarako Batzordeari babesa eman dio Europako Parlamentuak, eta muzin egin dio Europako Batzordeak aurkeztutako egitasmoari. Haren asmoa zen amaren zaintza baimena 18 astean uztea, aldi horretan soldata %100ekoa ez izatea eta aitatasun baimenik ez sortzea. Horren alde ziren Europako Alderdi Popularreko ordezkariak; ezkerrekoak, berriz, baimena gutxienez 20 astekoa izatearen alde-salbuespen batzuk gorabehera: Alemaniako sozialistak eta Britainia Handiko laboristak, esate baterako, neurri horren aurkakoak dira-. Gaur egun, Europako Batasuneko herrialdeetan gutxienez 14 astekoa izan behar du amatasun baimenak; aitentzat, berriz, ez dago gutxienekorik.

Hala moduzko aurrerapausoa ikusi du Rakel Oleak. Ama izan da aurten, eta dagoeneko lanean ari da: «Aurrerapausoa bada, baina txikia». Berdin uste du Emakundeko buru Maria Silvestrek, baina atzean dagoena nabarmendu du: «Mezu bat zabaldu da: garrantzitsua dela lan bizitza eta familia bizitza uztartzea». Haren arabera, kezkek behartu dute Europa neurri horri baiezkoa ematera. «Europa ohartzen ari da biztanleen zahartzeaz, eta kezka du jaiotza tasa txikia dela eta». Silvestrek dio emakumeei erraztu asmo zaiela lana eta amatasuna batzea, eta, hala, bi batean egin: emakumeak biztanleria aktiboan sartzea eta hurrengo belaunaldiak bermatzea. «Berdintasuna bai, baina neurri hauekin eraginkortasun ekonomikoa lortu nahi du», dio.

Erabakiak ekarriko lukeen gastua gehiegizkoa dela, kexu azaldu dira enpresarien elkarteak eta hainbat estatu -Parlamentuak berak eskatutako txosten baten arabera, Espainiarentzat, 998 milioi euroko gastua da, eta Frantziarentzat, 1.429 milioikoa-. Ez dator bat Silvestre: «Oso bideragarria da; areago, krisi garaian. Ikerketek diote: berdintasun edo erantzunkidetasun politikak ezartzeak eragin baikorra du produktibitatean». ELAko ordezkari Jone Bengoetxeak ere uste du aitzakiak soilik direla horiek, eta Espainiako Gobernuak egindako jokaldia gogorarazi du: aitatasun baimena bi astetik laura luzatzekoa zuen datorren urtearen hasieran, baina atzera egin du, krisiarekin bideragarri ez dela esanda. «Diru arazoa dela diote, baina borondate politiko kontua da. Hau ez da garrantzizko puntua gobernuen agendan ».

Aitarentzat, askoz gutxiago

Amatasun baimena luzatzearekin batera, aitatasun baimenak hartu dituzte kontuan Europako Parlamentuan. Gutxienez bi asteko baimena beharko dute aita izan diren gizonek -gaur egun, Europako zenbait herrialdetan ez dute baimenik-; alegia, amak baino nabarmen eskasagoa. Hutsune nabarmena da hori, Emakundeko presidentearen ustez: «Ez da soilik uztartu behar amaren lan bizitza eta familia bizitza; aitatasun baimenak landu behar dira, erantzunkidetasuna lortu». Bengoetxeak uste du auziari muinetik ez diotela heldu nahi Europako erakundeek: «Eztabaidak ez du izan behar emakumeari denbora luzatzea. Aitatasun baimenen inguruan dago mamia ». Esperientziarekin hitz egin du Oleak: «Bi aste segituan pasatzen dira. Nik astebete pasatu nuen ospitalean, eta ni atera orduko lanera joan zen nire bikotekidea».

Datuek diote: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, %4 soilik dira aitatasun baimenak. Eta hori nola aldatzen da? Gizonen baimenei bi baldintza jartzearen aldeko dira Emakundeko burua eta ELAko ordezkaria: derrigorrez hartu beharrekoak eta beste inori pasa ezinekoak izatea baimenak. «Hori egiten duten herrialdeetan, ikusi dute oso positiboa dela, eta gizonen erantzunkidetasuna handitzen duela», azaldu du Silvestrek. Bengoetxeak uste du gaurko egoera «iruzurra» dela: «Gizonak emakumeari pasatzen dio baimena. Derrigorrez egin beharrekoa ez bada, jendeak ez du egingo». Oleak, ordea, errezelo gehiagoz dago: «Hori bikote bakoitzak ikusi beharreko gauza da». Silvestrek berretsi du egungo egoeran ez dela besterik pasatuko: «Gizonari ez zaio ematen haurrak zaintzeko balioa, eta aitatasun baimena hartu nahi duenak zail dauka».

Parlamentuak atzo hartutako erabakiak, ordea, bide luzea du oraindik egunerokora iristeko. Orain, akordioa lortu behar dute Europako Parlamentuak eta Europako Batasuna osatzen duten 27 herrialdeek. Haietako batzuk ez daude prest 20 eguneko baimenarekin eta soldata osoa pagatzearekin. Onartzen dutena onartu, OME Osasunerako Mundu Erakundearen aholkuaren azpitik utziko dute; hark dio baimenak 24 astekoa behar duela, gutxienez.





Europako zenbaitadibide

BATEZ BESTEKOAREN AZPITIK

Hego Euskal Herria. Amak 16 asteko baimena du, eta soldata osoa. Aitak, 15 egunekoa, amarena gorabehera. Gainera, amaren asteetako 10 har ditzake.

Ipar Euskal Herria. Amak 16 asteko baimena har dezake-horietako sei haurra izan aurretik-. Hirugarren umearekin, 26 astekoa. Aitek 11 egun har ditzakete.

Austria. Amek, 16 aste; legeak ez du jasotzen aitek umeak zaintzeagatik baimena hartzea.

Belgika. 15 asteko baimena hartzeko modua dute Belgikako amek. Epe horretan ez diete ordaintzen soldata osoa; lehen asteetan %82 pagatzen diete, eta hurrengoetan, %75. Aitek10 egun egin ditzakete.

Alemania. Europako Batasunak ezarritako gutxienekoa: 14 aste. Gero, amak edo aitak har dezakete urtebeteko baimena, soldataren %67 eskuratuta.

Austria. Amek, 16 aste; legeak ez du jasotzen aitek baimena hartzea umeak zaintzeagatik.

Grezia. 17 aste egin ditzakete baimenarekin amek; aitek, berriz, ez dezakete bat ere egin.

Herbehereak. Amentzako16 asteko baimena aurreikusten du legeak; aitentzat, bi egun.

Portugal. Lau hilabeteko baimena dute amek, eta beste hilabetekoa soldataren %80 jasota. Aitek 15 egun dituzte.

Erresuma Batua. Andreek sei hilabeteko baimena dute, eta 52ra luza dezakete -betiere, soldata nabarmen txikiagoa jasota-. Gizonek, ostera, bi aste dituzte, oro har.

BATEZ BESTEKOAREN GAINETIK

Suedia. Urtebete eta lau hilabetekoa da baimena. Aitak edo amak har dezakete; hartzekotan, gutxienez bi hilabete hartuko ditu aitak. Haurra jaio eta berehala, aitak hamar egun ditu.

Norvegia. Haurra izan ondoren, sei asteko baimena hartu behar du amak, derrigorrean; gero, urtebetekoa du aukeran, eta soldata osoa kobratuko du aldiaren gehienean. Aitak ere badu aukera, eta hamar asteko beste baimen bat ere bai. Hori ez badu hartzen, galdu egingo da, ezingo baitio amari pasatu.

Danimarka. Urtebeteko baimena dute gurasoek. Gutxieneko epeak honako hauek dira: amak 18 aste hartu behar ditu, eta aitak, bi. Gainerako asteak, 32, nahierara bana ditzakete.

Finlandia. Haurra izanda, amak 15 aste pasatu behar ditu baimen aldian; aitak, berriz, 18 egun ditu. Gero, beste 22 aste dituzte aitak edo amak, aukeran.

Estonia. Aitatasunagatiko baimen handiena du Estoniak: hiru hilabetekoa. Amak ere badu baimena hartzeko aukera: 18 aste har ditzake, erditzea espero baino hamar aste lehenagotik hasita.

Errumania. Aitari bost egun dagozkio umea jaiotzean, baina hori beste bost egunean luzatzeko aukera ere badu, baldintza bat beteta: umeak zaintzeko ikastaro bat egitea. Amak 18 hilabeteko baimena du, ikastarorik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.