Unidos Podemosek proposatutakoaren arabera, haur baten bi gurasoek baimen parekide, besterenezin eta beren osotasunean ordainduak izango dituzte. Aurreko gobernuak bi aldiz blokeatu zituen iraganean halako neurriak, "gastu handiegia" ekarriko luketeelako. Oraingo honetan, ordea, iritzia aldatu dute PPko diputatuek, eta alde bozkatu dute.
Tramitera onartutako proposamenak honako ezaugarri hauek ditu: guraso bakoitzak hamasei asteko baimena izango du, haurra jaiotzean edo adopzioan hartzean. Baimen horiek, gainera, besterezinak izango dira; hau da, batak ezingo du bestearena hartu, izan ere, banakako eskubide izaera aitortuko zaie. Lehen bi asteak derrigorrezkoak izango dira, eta haurra izan edo adoptatu eta berehala hartu beharko dituzte gurasoek. Hurrengo laurak ere derrigorrezkoak izango dira, baina edozein momentutan hartzeko aukera izango dute, urtebeteko epean. Gainerako hamar asteak borondatezkoak izango dira, baina ezingo dizkio guraso batek besteari pasatu.