CCOOk ohar baten bidez adierazi duenez, Bizkaiko Gizarte Segurantzak ezintasun osoa aitortu die beren lanpostuan amiantoa arnasteagatik kaltetu diren bi pentsioduni.
Ezintasun osoa lortu duten bi gizonek 65 urte dituzte. Batek arnasteko zailtasun handiak ditu eta oxigenoaren beharra du; Trapagarango Elecqui enpresan aritu zen lanean, momentu oro amiantoarekin kontaktuan.
Besteak pleurako minbizia dauka; gaztetan Eusebio Herreria Ureta enpresan ontzien tankeak garbitzen eta pintatzen egin zuen lan, eta aurrerago Lamiakoko Vicrila enpresan beira egin eta urtzen aritu zen. Bi lanpostuetan amiantoarekin harreman zuzena izan zuen.
CCOOko Lan Osasun saileko arduradunek lanaren ondorio izan daitezkeen gaitz larriak dituzten erretiratuei dei egin die beren gaixotasunen jatorria aitortua izan dadin aldarrikatzeko.
Sindikatuak esan du Osakidetzak ez duela bere eginbeharra behar bezala bete, ez duelako bi gaixotasunen inguruko susmoen berri eman. "Osakidetzako kargudunek ezin dute ordainketa partekatuari buruz eztabaidatzen jarraitu lan gaixotasunen kostua ezagutzen ez duten artean", esan dute sindikatuko ordezkariek.