Azalpenik gabe. Legeak zioenaren adierazpenik gabe. 1977ko Amnistiaren Legeak hamabi puntu baino ez ditu, eta ia Espainiako Estatuko Aldizkari Ofizialeko orri bakarra hartzen du. Espainiako Kongresu konstituziogileko gehiengo zabalak onartu zuen, eta garaipentzat jo zen. Ordea, denbora igaro ahala, ikuspuntua aldatu da. «Prestidigitazio frankistaren trikimailu onena da lege hori; oharkabean puntu eta amaierako legea sartu ziguten», laburbildu du Jose Mari Galantek, 1977an amnistiatutako presoak eta La Comuna preso ohien elkarteko kideak.
Francisco Letamendiak, EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia Politikoetako irakasleak, ondo gogoratzen du lege hura onartu aurreko garaia. EIA Euskal Iraultzarako Alderdiko militantea zen garai hartan, eta Espainiako Kongresu konstituziogileko diputatua EE Euskadiko Ezkerrarekin. Letamendiak nabarmendu du legea onartu aurreko mobilizazio guztiak amnistiarekin lotuta zeudela. Askatasunaren Aldeko Martxa 1977ko ekainean hasi zen. «Garrantzi itzeleko gertakariak izan ziren: Espainiako Gobernuak erbesteratutako hamar lagun agertu ziren Telesforo Monzonekin...».
Ordea, Letamendiak amnistiaren borrokan hiru eremu bereizi ditu. Espainian frankismoa atzean uzteko tresnatzat hartzen zen, eta Euskal Herrian beste bi jarrera zeuden. «Indar parlamentarioentzat, amnistia zen demokraziaren eta autonomiaren emaitza; baina ezker abertzaleko indarrek hausturarekin lotzen zuten».
Testuinguru horretan idatzi zen legea, eta adostasun zabala lortu zuten; AP Alianza Popular eta EE kanpoan utzita. «Amnistiak zuen zentzua oso mugatua zen; kriminaltzat jotzen jarraitzen zuten pertsonei ematen zieten, eta ez zuen onartzen Euskal Herriak diktaduraren aurka egindako borroka». AP ere abstenitu zen, haren bi diputatuk aurka bozkatu arren. «Ezin diegu etengabe amnistia eman demokraziaren suntsitzaileei», argudiatu zuen Antonio Carro diputatuak.
Irakurri gabeko legea
Espainiari dagokionez, frankismoa gainditzeko «amnesia» ezarri zela azaldu du Letamendiak, aurreko hiruzpalau urteetako bideari jarraituz. «Erregimenari buruzko erabateko amnesia operazioa frankismoko oinordekoekin adostu zen». Galantek ere ideia hori berretsi du, baina orduan garaipen baten moduan bizi izan zela gaineratu: «Amnistia hitza entzunda, irabazi genuela pentsatu genuen, baina agian inork ez zion erreparatu letra txikiari; amnistiarekin atera nintzen, baina ez nuen legea irakurri ere egin». Galanterentzat, irakurketa bakarra ikusi zitzaion legeari.
Urteen buruan beste errealitate bat agertu dela nabarmendu du Galantek. «Gure aurrean borrokatu ziren askok jarraitzen dute esaten orain zer egin dezakegun eta zer ez». Horiek horrela, legea baliogabetzeko eskatu dute, ez bakarrik frankismoko krimenak epaitu ahal izateko, baizik eta diktaduraren aurka borrokatu ziren haiek espetxeratzeko epaiak baliogabetzeko ere: «Tiraniaren aurka borrokatu ginen errugabeak baino ez gara».
Amnesia, hamabi puntutan
1977. urtean, amnistia aldarrikapena zen nagusi Euskal Herrian zein Espainian; legea onartu zenean, garaipentzat jo zuten gehienek, gerora nola interpretatuko zen erreparatu gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu