Juan Mari Olano Askatasuneko bozeramailea Amnistiaren Aldeko Batzordeen (AAB) auziagatik baldintzapean aske mantentzea berretsi du gaur Fernando Bermudez Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak, ez duelako arrazoirik ikusten aurreko erabakia aldatzeko. Enrique Molina fiskalak, aldiz, Olanok epaitua izango den ABBen auziagatik kartzelan behar duela eskatua zuen, "Amnistiaren Aldeko Batzordearen-Askatasunaren barruan lidergoa izaten jarraitzen duelako".
Olano AABen auziagatik espetxeratua izan zen lehen -2001ean-, eta 60.000 euroko bermea ordainduta utzi zuten libre, 2005ean.
Hala ere, gaur egun kartzelan da Askatasuneko bozeramailea, joan den irailaren 11tik, Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz. Ertzaintzak atxilotu ondoren, hura kartzelatzeko agindua eman zuen Garzonek, Donostian irailaren 9an legez kanpo joa zegoen manifestazioan parte hartu, eta "delitu terroristak sustatzea" eta erakunde armatuko kide izatea leporatuta. Molina fiskalaren arabera, Garzonek kartzelara eraman zuen auziagatik eta epaitua izango den auziagatik ere izan beharko luke espetxeratua Olanok.
Amnistiaren Aldeko Batzordeen aurkako epaiketa asteotan hasiko da ziur asko, eta Olanok aurre egin beharko dio hamar urteko espetxe zigor eskaerari.
Euskal presoa
Amnistiaren Aldeko Batzordeen auziagatik Olano baldintzapean aske mantentzea berretsi du epaileak
Beste epaile baten aginduz, ordea, gaur egun preso dago, Donostian irailaren 9an legez kanpo joa zegoen manifestazioan parte hartu zuelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu