Euskal presoak

Amorru isila Reyren heriotza salatzeko

Arkaitz Rodriguezek ohartarazi du presorik baden bitartean ez dela "bake justurik" izango. Milaka lagun bildu dira Iruñean, Kalera Kalera-k deitutako manifestazioan.

Xabier Reyren heriotza salatzeko manifestazioa, Iruñean. JON URBE, ARGAZKI PRESS
Iker Tubia.
2018ko martxoaren 10a
19:17
Entzun

Mina eta haserrea agerian utzi ditu Iruñean Xabier Rey presoaren heriotza salatzeko egindako protestak. Jendetza bildu da Reyren jaioterrian, Espetxe politika hiltzailea lelopean Kalera Kalera plataformak deitutako manifestazioan. Bertan izan da Sortuko idazkari nagusi Arkaitz Rodriguez ere eta ohartarazi du preso politikorik eta erbesteraturik geratze den bitartean, ezinezko izango dela "bake justu bat" eraikitzea: "Xabier Rey izan dadila azkena". Reyren senideen hartu dute hitza, manifestazioaren amaieran.

AVT biktimen elkarteak hura debekatzeko eskatua zuen arren, protesta iragarritako orduan abiatu da Golem zinemetatik, txalo eta "herriak ez du barkatuko" oihu artean.

Aurrean zihoazen joaldunak ere isilik eta burumakur egin dute bidea, Reyren senide eta lagunekin batera. Denen buru, berriz, xingola beltza zuen ikurrina erraldoia.

Une batean txistu hotsak entzun dira bizilagun batek Espainiako bandera balkoira atera duenean. Bidea, berriz, poliziaz inguratuta egin dute, nahiz eta istilurik ez den egon.

Joan den asteartean jakinarazi zuen Etxeratek euskal presoa hilik agertu zela Puerto III espetxeko (Espainia) bere ziegan. Rey 2008an atxilotu zuten eta, geroztik, lehenengo graduan egon da. Efe berri agentziak emandako informazioaren arabera, ebakiak zituen besoetan. "Antxo hemendik 1.000 kilometrora baino gehiagora hil dute. Herri honen askatasun nahia akabatu nahi duen krudeltasunezko politikak hil du", salatu zuen Sortuko Nafarroako koordinatzaile Miren Zabaletak, Reyren azken agurreko ekitaldian.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.