EH Bilduren esku dagoen Gipuzkoako Gobernua ez dago bere garairik onenean. PSE-EEk Jon Peli Uriguen Berrikuntza, Landa Garapen eta Turismoko diputatuaren kontrako mozioa erregistratu zuen atzo, eta atzo bertan jakin zen, Adegik salaketa jarri duela Ander Rodriguez Gizarte gaietako diputatuaren kontra ere.
Martin Garitano diputatu nagusiaren irudiko, horrek badu azalpena: "Gipuzkoako orain arteko estatu quo-a kolokan jartzen hasi garenean, adiskidekeriaren garaia amaitu dela aldarrikatu dugunean, azken 30 urteotako norabideari stop esan diogunean, plazara atera dira indar atzerakoi guztiak, batera, oldarkor, erasora, min egingo digutelakoan".
Halakorik ez dela gertatuko ohartarazi du, ordea, diputatu nagusiak. "Herrigintza egiteko beste modu bat" badagoela erakutsi dutela uste du, eta bide horretatik lanean jarraituko dutela ohartarazi du Garitanok, gaur, foru diputatu guztiekin batera emandako prentsaurrekoan.
Langileen interesak eta eskubideak zaintzeko konpromisoa hartu zutela ekarri du gogora, eta halaxe egingo dutela azpimarratu du, "apal, baina atsedenik gabe". Bide horretan topatzen dituzten "mehatxu, irain eta salaketak" alferrik izango direla ohartarazi du.