Hezkuntza

Amurrioko Zabaleko eskola txikia desagertu egingo da

Zabaleko Bizirik plataformak jakinarazi duenez, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak jakinarazi die elkartu egingo dituela herriko bi ikastetxe publikoak. Erabakia «bat-batekoa eta adostu gabea» izan dela salatu dute.

Amurrioko (Araba) Zabaleko ikastetxea. AMURRIO IZAPIDEAK
Irati Urdalleta Lete.
2021eko maiatzaren 24a
11:32
Entzun

Amurrion (Araba) ikastetxe bat gutxiago egongo da datorren ikasturtetik aurrera: herriko Lehen Hezkuntzako Zabaleko eta Mendiko ikastetxeak bat egiteko proposamena helarazi die Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, eta Zabaleko desagertu egingo da, Zabaleko Bizirik taldeak jakinarazi duenez. Mobilizazioak egingo dituzte erabakiarekin ados ez daudela adierazteko.

Hezkuntza Sailak maiatzaren 20an egin zien bat egiteko proposamena, plataformak jakinarazi duenez. Ondorioz, azaldu dutenez, desagertu egingo da Zabaleko eskola: «Amurriok ikastetxe publiko bakarra izango luke familia guztiak hartzeko». Bat egite horren ondorioz, eskola txikien eredua ere galdu egingo dela nabarmendu dute, Zabaleko ikastetxea Euskal Eskola Txikien sareko kidea baita. Horrek ekarriko duen galera azpimarratu dute: «Bat egite honen ondorioz, gure eskola txikiaren eredua desagertuko litzateke; adinen arteko aniztasuna, Amurrion errotua, publikoa eta euskalduna».

Hori eragotzi nahian, Zabaleko Bizirik plataforma sortu dute, «eskola defendatzearen aldeko ahalegin guztien topagunea» izango dena. Gainera, babesa eskatu diete gainerako Euskal Herriko guraso elkarteei, eragile sozialei eta politikoei, sindikatuei eta norbanakoei: «Bat-bateko eta adostu gabeko erabaki honen aurrean, zuen guztien babesa eskatzera gatoz». Iragarri dutenez, mobilizazioak eta aldarrikapenerako jaiak ere antolatuko dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.