Ana Pastor: «Ezin zaio uko egin abiadura handiko trena eraikitzeari»

Sustapen ministroarekin elkartu ostean gustura azaldu da Iñaki Arriola EAEko Garraio sailburua

inaki petxarroman
2012ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Pozik eta gogobeteta agertu da Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Herrilan eta Garraio sailburua Ana Pastor Espainiako Sustapen ministroarekin Madrilen bilera egin ostean. Izan ere, Pastorrek adierazi dio Arriolari Euskal Y-aren proiektuak Madrilentzat «lehentasunezkoa» izaten jarraitzen duela.

Horixe azaldu zien Jaurlaritzako ordezkariak, bilera amaitu ostean, kazetariei. Ordu batzuk lehenago, irrati elkarrizketa batean, Pastorrek berak PPren gobernuaren borondate horren berri eman zuen: «Ezin zaio uko egin abiadura handiko trena eraikitzeari. Ahaleginduko gara proiektuak gauzatzen eta ordaintzen».

Ez duela zeregin erraza aitortu du, ordea, ministroak: «Azpiegitura asko ditugu; Espainia osoa lubaki irekiz josita dago, eta, orain, hori dena aztertu egin beharko da. Diagnostiko bat egin ondoren, ondo zuzendu eta kudeatu behar ditugu planak, eta lurralde antolaketarekin konprometitu».

Hego Euskal Herriko, Galiziako, Herrialde Katalanetako eta Espainiako erkidego autonomoetako ordezkariekin hasitako bilera sortaren barruan hartu zuen Ana Pastorrek Arriola atzo.

Bileraren ostean, Arriolak konfiantza agertu du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako tren lasterraren lanak 2016an amaituko dituztela. Arriolak adierazi du Madrilek «borondate ona» duela epe horiek betetzeko. Baina onartu du ez dituztela diru kopuruak bilerako mahai gainean eduki, Sustapen Ministerioak bere ahalmen ekonomikoa eta lurralde guztietan dituen konpromisoak aztertu behar dituelako. «Itxaron egin beharko dugu ikusteko eaborondate hori benetan gauzatzen den, baina uste dut 2016an obrak amaitzeko konpromisoari eutsi egin diezaiokegula», adierazi du.

Bilera gehiago laster

Atzokoa Iñaki Arriolak Ana Pastorrekin egindako lehenengo bilera da. Hurrengo egun eta asteotan, baina, konpromisoak zehazteko bilera gehiago egingo dituztela iragarri dute. Pastorrek esan du erkidego autonomoetako agintariekin ez ezik Espainiako Kongresuan ordezkaritza duten alderdiekin ere elkartu egingo dela hurrengo egun eta asteotan.

Gipuzkoako tren lasterreko obrei buruz txosten bat aurkeztu zion Arriolak Pastorri atzo. Izan ere, zati hori Jaurlaritzaren ardurapean egiten ari dira. Aldi berean, Arabako eta Bizkaiko lanen egoera ere aztertu zuten —horiek Sustapen Ministerioaren esku daude—.

Arriolak ohartarazi du orain arte mahai gainean izan dituzten epeak betetzea edo ez Espainiako Gobernuaren borondate politikoaren menpe dagoela. Izan ere, Arriolak badaki aurrekontuak estutzen ari direla une honetan. Baina gogoratu du duela bi urte ere hasi zirela aurrekontuak estutzen, eta, hala ere, obrek asko egin dutela aurrera. «Espero dugu aurrekontu nahikoa izatea obrek erritmo egokian aurrera egiteko», azaldu du. Edonola ere, gaineratu du PPren gobernuan konfiantza duela.

Abiadura handiko trenaren gaia ez ezik, beste azpiegitura eta proiektu zenbaiten egoera ere aztergai izan dituzte Arriolak eta Pastorrek. Besteak beste, Pasaiako kanpoko portuaz, Hondarribiko eta Loiuko aireportuez eta Lezo-Gaintxurizketako nahiz Jundizko plataformez jardun zuten bileran bi arduradun politikoek, baina haietan askorik sakondu gabe, Arriolak berak aitortu duenez.

Bestalde, Akitaniako presidente Alain Rousset Euskal Herrira etorriko da gaur, Ziburura (Lapurdi). Abiadura handiko trenaren Lapurdiko zatiaren egoeraz mintzatuko da Rousset, besteak beste. Proiektu berriaren aurkariek protestak antolatu dituztebisita hori dela eta. Jakina denez, Rousset Lapurdiko trenbide proiektu berriaren defendatzaile nagusietako bat da.

Aste honetan bertan Lapurdiko AHTaren behin betiko ibilbidea onartu du Patrick Stefanini Akitaniako prefetak, proiektuaren Gidaritza Batzordeak Bordelen egindako bilkuran. Batetik, iragarri zuten akordioa lortu dutela Biriatuko loturari dagokionez Iparraldeko eta Hegoaldeko proiektuak garaiera bera eduki dezaten. Hala, 30 metrotik 15 metrora jaitsi dute hasierako egitasmoa.

Bestetik, Donibane Lohizuneko ibilbideari dagokionez, hegoaldeko proposamena hobestea deliberatu du prefetak. Hala ere, babestutako zomorroak baleude iparraldeko ibilbidea egitea ez du baztertu prefetak.

Azkenik, Uztaritze-Arrangoitze arteko atalari dagokionez, Planuia mendebaldetik igarotzea hobetsi dute. Hala, Santa Barbara hegoaldetik egingo luke bat bideak Arrangoitzerekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.