Ana Pastorrek hitza eman du AHTko lanen erritmoari eutsiko diotela EAEn

Espainiako Sustapen ministroak lehentasunezko lantzat jo du azpiegitura hori, Bizkaira egindako bisitan

Erredakzioa
Bilbo
2012ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Ahalik eta azkarrena bukatzea: horra hor Espainiako Gobernuaren nahia, AHT abiadura handiko treneko EAEko lanei buruz. Halaxe nabarmendu du Espainiako Sustapen ministro Ana Pastorrek, Bizkaira egindako bisitan. Horretarako, hitza eman du lanen erritmoari eutsiko diotela. Hala ere, ez du zehaztu obrak noiz amaituko diren.

Zornotza-Lemoa eta Lemoa-Galdakao zatietako lanak bisitatu ditu Pastorrek Bizkaian, Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Herri Lan sailburu Iñaki Arriolarekin, eta Espainiako Gobernuko EAE Euskal Autonomia Erkidegoko ordezkari Carlos Urkijorekin.

Sustapen ministroak lehentasunezko lantzat jo du AHTkoa. Batetik, nabarmendu du «Euskadiko garapen sozioekonomikoa bultzatzeko tresna bat» izanen dela; bertzetik, funtsezko azpiegitura bat dela Europarekin bat egiteko. «Euskal Y-a hartzen duen abiadura handiko trenaren iparraldeko adarra funtsezkoa da», berretsi du. Europak ere iritzi bera duela gaineratu du ministroak, eta horrek erraztuko duela Europako Batasunak proiektua diruz hornitzea.

EAEn, ia 178 kilometroko bidea du abiadura handiko trenak. Horietako 87,5 kilometrok Gipuzkoa ukitzen dute. Obraren aurrekontu osoa 4.100 milioi eurotik goitikoa da, eta horietako 1.586 Eusko Jaurlaritzak ordainduko lituzke.

Pastorrek ez du ukatu krisi ekonomikoak duen eragina, baina, hala ere, gogorarazi du 2012rako Espainiako aurrekontuetan badela 316 milioi euroko diru sail bat AHTarentzat. «Diru sail horren helburu bakarra da Euskadi eta Espainiako gainerako tokiak abiadura handiko trenaren bidez lotuta egotea», erran du Espainiako ministroak. Helburu hori «ahalik eta azkarrena lortu» nahi duela berretsi du Pastorrek.

Bizkaira egindako bisitan, Zornotza-Lemoa arteko zatiko Marrageruena tuneleko azken zulatze lanetan egon da Pastor.337 metro luze da tunel hori. Eusko Jaurlaritzako ordezkariekin egin du bisita Espainiako Sustapen ministroak, eta nabarmendu du abiadura handiko trena «denen artean» egindako azpiegitura bat dela.

Horrenbestez, Pastorrek asmoa agertu du Eusko Jaurlaritzarekin orain arteko elkarlanaren bidetik aurrera jarraitzeko,erakunde horri baitagokio Gipuzkoako tren lasterreko obrak egitea.

Espainiako Gobernuan aurretik egon diren taldeen lana ere eskertu du ministroak. «Aspaldiko proiektua da hau. Iparraldeko adarra 2001. urtean onartu zen», gogorarazi du. Gasteiz-Bilbo arteko bideko hamabi zatitan lanak martxan direla gaineratu du. Bide hori 90,3 kilometro luze da.

AHTko obretan ez ezik, Bilbon ere izan da Pastor. Ibon Areso alkateordeak hartu du, eta, bertzeak bertze, Bilbao Ria 2000 fundazioko lanen berri jaso du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.