Ustelkeria

Ana Urtxuegiak defendatu egin du Somoto herriarekin izaniko lankidetza

Nikaraguako Somoto herriari emaniko diru laguntzetan irregulartasunak egon daitezkeelakoan deklaratu du gaur Lasarte-Oriako alkate ohiak. Ukatu egin ditu akusazioak.

Ana Urtxuegia Lasarte-Oriako alkate ohia. GORKA ESTRADA, EFE
2015eko maiatzaren 29a
17:11
Entzun

"Arrakastatsua" iritzi dio Ana Urtxuegiak hamar urtez Nikaraguako Somoto herriarekin Lasarte-Oriako Udalak izan duen lankidetza harremanari. Donostiako auzitegira deklaratzera sartu aurretik egin ditu adierazpen horiek Lasarte-Oriako alkate ohiak. Izan ere, lankidetza harreman horretan emaniko diru laguntzetan irregulartasunak egon daitezkeelakoan deklaratu behar izan du. Ukatu egin ditu akusazio guztiak.

Urtxuegiak Bildu kritikatu du —Lasarte-Oriako alkatetza izan du azken lau urteetan—; urteetan nazioartean eginiko lana alferrik galdu duela esan du. 

25 urtez izan zen Lasarte-Oriako alkate Urtxuegia. Prebarikazioa eta diru publikoa bidegabe erabiltzea egotzi diote. Lasarte-Oriako Udalaren ekimenez abiatu dute auzibidea. 

Udalak bi oinarri nagusi erabili ditu kereila aurkezteko: alde batetik, udaletxean sortutako ikerketa batzorde bereziak bildutako dokumentazioa; eta, bestetik, 2012an Zubizarreta Consulting aholkularitza enpresak egindako txostena. Zubizarreta Consulting taldeko ikerlariek "irregulartasun ugari" atzeman zituzten Lasarte-Oriako diru laguntzen banaketa prozesuan.

Txostenean aipatzen denez, 38/2003 legea indarrean jarri arte (2004ko otsailaren 18an) sektore publikoak ematen zituen diru laguntzen alorra ez zegoen arautua, eta udal bakoitzak ordenantzen bidez erregulatzen zuen bere kooperazio politika. Diru banaketa eta operazio opakuak ahalbidetu zituen horrek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.