Ohi bezala, Eusko Jaurlaritzaren lehendakaria, Juan Jose Ibarretxe, Azpeitian (Gipuzkoa) izan da gaur, San Inazio bigarrengoz, eta aurtengoan Iñaki Errazkin (EAE-ANV) alkateak hartu du -frankismoaz geroztik, aurten arte beti EAJren kidea izan da Azpeitian alkate-. Errazkinek, “gatazkaren konponbiderako akordio politikoa erdiesteko”, ezker abertzalearen Anaitasunako proposamenaren ale bat eman dio, eta jaso egin dio Ibarretxek. “Lehendik ere badu, baina gaur berriro eman diogu, sinbolikoki bada ere”, esan du Errazkinek. “Garaiz gaude konponbidea lortzeko, eta guk eskua luzatuta dugu”.
Anaitasunako proposamen horretan, Hego Euskal Herriko lau lurraldeen autonomia markoa aldarrikatzen du ezker abertzaleak -aurten aurkeztu du, Iruñean-, erabaki eskubidearekin.
Ibarretxek Azpeititik Loiolako Basilikara elizkizunera joan aurretik adierazpenak egin ohi ditu, baina aurten ez ditu egin. Dela dela, Lehendakaritzako prentsa arduradun batek kazetariei esan die Errazkin alkateak “aukera paregabea” duela “berak aipatzen duen marko demokratiko hori herrian bertan martxan jartzeko”.
Errazkinek ekainaren 16an hartu zuen alkate kargua, EAE-ANVk -sei zinegotzi-, EAk -bi- eta EB-Aralarrek -bat- akordioa lortuta. EAJk zortzi zinegotzi dauzka.
Loiolako elizkizunean, Juan Maria Uriarte Donostiako gotzainak gatazka konpontzeko “bidea, elkarrizketa” dela esan du, “betiere indarkeria baztertuz. Herri honek ez du indarkeriaren babesik ez behar, ez nahi”. Azpeitiko alkatea ez elizkizunean izan.
Argazkian, Izaskun Bilbao Eusko Legebiltzarreko presidentea, Errazkin eta Ibarretxe gaur goizean, Azpeitian. Ibarretxek eskuan dauka Anaitasunako proposamena. (Urola Kostako Hitza)
Presoen alde Loiolan eta eskaera Ibarretxeri
Urtero legez, euskal presoen eskubideen aldeko elkarretaratze isila egin dute hainbat lagunek gaur Loiolan. Etxerat erakundeak sakabanaketa bukatzeko, zigorrak bete dituztenak kaleratzeko eta preso gaixoak askatzeko eska dezala galdegin dio Ibarretxeri. "Ekimen politikoak exijitzen dizkiogu", esan du Mattin Troitiño Etxerateko ordezkariak.
Politika
Anaitasunako proposamena poltsikora
Errazkin Azpeitiko alkateak ezker abertzalearen proposamen politikoaren ale bat eman dio Ibarretxeri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu