Ez gatoz gehiago». Grande- Marlaskaren bulegoan banan-banan deklaratu ondoren, Auzitegi Nazionaleko eskaileratan behera zetozen Arnaldo Otegi eta Batasuneko Mahai Nazionaleko beste zazpi kide, espetxea doi-doi saihestu berritan. Ekainaren lehena zen. Ez zetozela gehiago. Hala esan zien mahaikideetako batek gertu zituen lagunei, Auzitegiko sarreran bertan. Jakina da tirabira handien ondoren lortu zutela Grande-Marlaskak Batasuneko buruzagiak ez espetxeratzea. Pultsuaren ostean, Auzitegirako joan-etorriak bukatu bide ziren. Botere judiziala independentea dela, alegia, baina ez hainbeste. Gobernuak epaileak baldintza ditzakeela, alegia, baina ez nekerik gabe.
Baina ez zen azken joan-etorria izan. Krisi hartako elkarrizketatan Batasunekoei inork ezer bermatu bazien, haizeak eraman ditu dagoeneko berme haiek. De Juanak lehenengo gose greba utzi aurretik inork ezer agindu bazion, agindu hura haizeak eraman duen bezala. Eta su-etenaren aurretik Espainiako Gobernuak jazarpen judiziala eteteko konpromisoa hartu zuela egia baldin bada, ondo disimulatzen ari da.
Nabarmena da Zapaterok ez dituela egitura judizialak behar beste kontrolatzen. Fiskaltza giltzarria da eta, Conde Pumpidoren gidaritzapean, prozesuaren norabidearekin bat datorren jokabidea izan du batzuetan, kontrako bidean ere aritu den arren,De Juanaren kasuan bezala oraintsu, fiskalaren eskaeragatik ez balitz nekez jasoko baitzuen 12 urteko zigorra. Bainaez du fiskaltzak bakarrik jokatzen. Ibarretxek eta Lopezek Batasunarekin egindako bileren kasuetan eta Atutxa auzian garbi ikusi da sindikatu ultra baten eskaera aski izan daitekeela, parean epaile aproposak egokituz gero. Eta legeria egokia izanez gero.
Zapaterok esan du «Zuzenbide estatuarekin lotuta dauden faktoreek» zaildu egin dezaketela prozesua eta «ahalegin gehiago egiteko» eskatu du. Ea, bada, ahalegin hori.
ANALISIA. Ea, bada, ahalegin hori
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu