Gaizkile talde batek bi urteko umea bahitu eta atxiki du, haren ama—legez kanpoko etorkin nigeriarra— prostituitzera behartzeko. Haurra Espainian zuten gaizkileek; ama, aldiz, Italian zegoen mehatxatuta, Erroman. Espainia eta Italiako poliziek harrituta eman dute gertatutakoaren berri. Denetik ikusi omen dute, baina halako kasurik inoiz ez.
Duda egiten dut PPko kideek eta terrorismoaren zenbait biktimak Nigeriako emakume horri eta, oro har, mundu zabaleko prostitutei erruki edo errespetu txikienik ere izango ote dieten. Baten batek galdetuko du zergatik lotzen ditudan eskuin espainiarra, berez muturreko eskuinaren ordezkaria ere badena, eta alde bateko indarkeriak eraginiko biktimen kolektibo bat prostituzioarekin. Biktimak eta prostitutak gauza bera al dira, ba?
Batzuek hala uste dute. Martxoaren 11n Pilar Manjonek eta Madrilgo atentatuetako biktimen elkarteko beste kide batzuek kontatu zutenez, atentatuaren zazpigarren urteurrenaren harira Espainiako hiriburuko alkateorde Manuel Coborekin elkartu ziren, eta El Pozoko geltokian oroigarririk jarriko ote zuten galdetu zioten. PPko zinegotziaren erantzuna ezin doilorragoa izan zen: «Edozein egunetan monumentu bat egingo diegu Monterako putei». Adierazpen horien bidez M-11ko biktimak eta Madrilgo putak iraindu nahi izan zituen PPko politikari txit ohoragarriak, baina bere burua baizik ez zuen lotsagarri utzi, zitalkeria moral hori zela eta. Cobok M-11ko biktimak eta prostitutak konparatu zituen. Zergatik? Biktima horiek ez direlako ETAren biktimak. Gainera, Cobok eta PPko zenbait kidek ez diete barkatzen konspirazio faltsuen aurrean makurtu ez izana. Ondorioz, ez dute errespeturik merezi. Prostitutak omen dira.
Alta, Cobo jaunaren portaerak baino askoz gehiago asaldatzen du beste batzuen erreakzio ezak. Adierazpen askatasunaren mugak nahierara zehazten dituen estatuak ez du ezertxo ere esan aferari buruz. Beste zenbait kasutan, ostera, badaki zorrotz jokatzen: urtebeteko kartzela zigorraEspainiako erregea torturatzaileen burua dela esateagatik, adierazpen horiek neurri handi batean logikoak direnean: zuk enpresa bat badaukazu, bertako buru guztiz boteretsua bazara eta, zure enplegatu batzuek iruzur egin arren, isiltzen bazara, iruzurgile horien burua zara, onean eta txarrean. Askoz ilogikoagoa da M-11ko biktimak eta prostitutak alderatzea. Haien minari barre egitea. Jokaera horri ez diote jazartzen, baina.
Beste horrenbeste esango nuke AVTko jendearen inguruan. Zer ez zuten esango PPk M-11ko biktimei eginiko iseka ETAren biktimei egin balie Euskal Herriko udal bateko zinegotzi batek, horiek monumentu bat eskatu eta hauxe esan balie, Bilboko prostitutak gogoan: «Edozein egunetan monumentu bat egingo diegu Palankako putei». AVTkoek amen batean jarriko zuten kereila auzitegian. Baina burla PPko politikari batek egin du eta M-11ko biktimen mina ez da ETAk eragina.
AVT eta PP, besteak beste, gaur zortzi aterako dira Madrilgo kaleetara Espainiako gobernuaren kontra egiteko eta ETArekin negoziaziorik ez izateko eskatzeko. Biktima horiekjustizia nahi omen dute, beren justizia. Tellagorri zaharrak, Pio Barojaren pertsonaiak, hauxe zioen: errespetu handiagoa ziola ur-txakur bati herriko apaizari baino. Nik errespetu handiagoa diot Montera eta Palankako prostituten jarduerari zenbait biktimaren jokaerari baino.
Darwin eta gu
Prostitutak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu