Darwin eta gu

'Torture days'

Pastor
2011ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Behin batean bagindoazen lagun bat eta biok Santurtziko goiko alderantz. Institutuaren inguruan, beherako bidean, beste gazte bat agertu zen, eta laguna hura agurtu eta hizketan hasi zitzaion. Aspaldiko ezagunak ziren, antza. Lagunak, LKIren ingurukoak, galdera bota zion ezustean: «Aizu, eta torturei buruz ez duzue ezer egin behar?». Besteak bekainak altxatu eta putz egin zuen: «Bai, badakit, baina kontuan izan … astero bi edo hiru polizia hiltzen ari dira eta orduan, baten bat harrapatzen dutenean, ba…». Berunezko urteak ziren, Espainiako Barne ministroa astero ETAk hildako bi edo hiru polizia, guardia zibil edo militarren hiletetara joaten zen garaiak. Hori nahikoa zen ez jende gutxik GALen sorrera justifikatzeko. Madrilen eta hemen. Edo tortura justifikatzeko, lagun hark egin zuen moduan.

Torturaren salaketak «lehenago edo geroago» epaituko direla eta torturatzaileak epaileen aurrera eramango dituztela adierazi du Navi Pillayk, NBEkoGiza Eskubideen goi komisarioak. Tortura, edozein kasutan ere, «legez kanpokoa» dela esan du Pillayk, Torturaren Biktimen Babeserako Nazioarteko Eguna gogoan. Ingurumenaren Nazioarteko Eguna dago, Homofobiaren kontrako Nazioarteko Eguna, Minbiziaren kontrako Eguna... Denak ezagutzen ditugu, eta hedabideetan ikusi ditugu egun horiei buruzko iragarkiak, erakundeek jarriak.

Torturaren Biktimen Babeserako Nazioarteko Eguna bihar izango da, baina gure gobernuek ez dute kanpaina instituzionalik bultzatu hori gogorarazteko. Zergatik? Tortura, askotan, sistemaren zutabea delako —oinarria zenbait kasutan— legez kanpokoa eta etikaren kontrakoa izan arren. Diktaduretan, baita ustezko demokrazietan ere. Ustezkoetan, tortura sistematikoki erabiltzen duen sistemak ez baitu demokrazia izena merezi. Estatuaren errepresio aparatuak, indarraren legezko erabilerak, ondo zehaztuta izan behar ditu mugak. Ez da gauza bera protesta eserialdi batean dauden herritarrak besoetan hartu eta handik eramatea eta herritar horiei besterik gabe kolpeka edo tiroka hastea. Era berean, ez da berdina polizia batek liskarrean herritar bat bultzatzea eta polizia horrek gutun zuria izatea atxilotu bati nahi duen guztia egiteko, zigorrik jasoko ez duela jakinda. Demokrazia ez da demokrazia bere burua defendatzeko giza eskubideak urratzen dituenean; edo tortura, giza duintasunari egin ahal zaion eraso bortitz eta krudelenetakoa, erabiltzen duenean.

ETAren jardueraren biktimen testigantzak hedatzen ari zaizkigu han-hemenka, indarkeriak eragindako min eta ondorioez ohartarazteko. Beste horrenbeste egin beharko litzateke torturarekin. Euskal Herrian badute non aukeratu biktimen testigantzak jasotzeko. Inpaktu handiagoa lortu nahi badute, borrero damutuaren testigantza emateko aukera ere badago. Ez lituzkete Argentinako edo Txileko diktaduretako torturatzaile profesionalak ekarri beharko. Nahikoa izango litzateke pertsona batek, silueta itzalean eta ahots distortsionatua, hauxe esatea: «Guardia zibila naiz. Torturatzegatik epaitu eta zigortu ninduten. Kontziente naiz egindako minaz eta espero dut hemendik aurrera halakorik ez gertatzea…».

Torturak justifikatzen zituen gaztea sozialisten lehendakarigaia izatera iritsi zen geroagoEAEko hauteskundeetan, baina hori gertatu baino lehen nik ez nekien haren berri. «Ez dakizu nor den?», galdetu zidan lagunak, «Portugaleteko institututik ezagutzen dut. Nicolas Redondoren semea da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.