Jon Rejado.
ANALISIA

Urrun da etorkizun berriztagarria

2016ko uztailaren 10a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Gaiak ekoizteko eta zerbitzuak eskaintzeko energia gutxiago beharko duen sistema soziala lortu; aurreztu eta kontsumo eraginkortasuna hobetu; berriztagarriak soilik baliatuko duen gizartea prestatu, etorkizunera begira... Helburu garrantzitsuen inguruan egituratu du Eusko Jaurlaritzak 2030. urterako energia estrategia.

Iragan osteguneko gobernu bileran onartu zuen Jaurlaritzak aipatutako estrategia, eta, ondoren, Arantza Tapia Garapen Ekonomikorako sailburuak datozen hamabost urteetarako lan ildo nagusiak xehatu zituen. Asmo mamitsu horien artean, eta inork ezer galdetu aurretik, gasaren aldeko aldarria egin zuen. Jaurlaritzak lurpeko ondasunak ikertzeko lanak mantendu egingo dituela nabarmendu zuen, baina, aldi berean, 2030era arte fracking teknika baliatuko ez dutela zehaztu zuen.

Baieztapena sinesgarria den edo ez den aztertu gabe, albistea positibotzat jo liteke: haustura hidraulikoari uko egin dio Jaurlaritzak. Ordea, azaleko ideia horren azpian kontrakotasun bat dago: energia berriztagarriei bide eman ahal izateko, erregai fosilen beharra nabarmentzen du gobernuak.

Hezkuntzaren alorrean curriculum mota ezberdinez hitz egiten da. Horien artean daude formala eta ezkutua. Curriculum formalean ikasle guztiek eskuratu behar dituzten ezagutza ofizialak daude: edukiak, prozedurak, jarrerak... Curriculum ezkutuan, berriz, harremanen bitartez lantzen diren jarrerak eta balioak daude; harreman horiek, askotan, ez dira kontzienteak.

Bien koherentzia zaindu ezean, kontraesanak gerta daitezke, eta helburuen lorpena baldintzatu. Adibidez, curriculum formalean neska eta mutilen arteko berdintasuna lehenetsdaiteke, eta, aldi berean, irakasleak generoaren arabera tratatu ditzake ikasleak, oharkabean: mutilei arreta gehiago eskainiz, adibidez. Kontraesan horiek daudenean nekez erdietsiko dira helburu ofizialak; hitzak eta ekintzak ez datoz bat.

Eusko Jaurlaritzaren energia politikari hori gertatzen zaiola hausnartu daiteke. Hitza eta ekintza ez datoz bat. Batetik, energia estrategien ildo nagusiak Europako gutxieneko helburuetara begira daude; eta, bestetik, eguneroko jardunak zaildu egiten du xede horietara heltzea.

Atzera begiratzea baino ez dago horren adibideak aurkitzeko. 2001. urtean, bederatzi urterako estrategia bat aurkeztu zuen Josu Jon Imazek, orduko Industria sailburu eta egungo Repsoleko gidariak: 2010erako Araba, Bizkai eta Gipuzkoako energia kontsumo guztiaren %12 berriztagarria izango zen. %8,1ean geratu zen, helburutik urrun, baina EAEko inoizko daturik onena izan zen.

2010etik aurrera are gehiagourrunduz joan dira energia berriztagarrien helburuak eta datu errealak. Horrek eragina izan du 2030erako estrategia zehaztean: Jaurlaritzak Europako Batzordeak zehaztutako erritmoari uko egin dio. Hitzak eta ekintzak parekatu, eta sakoneko erabakiak hartu ezean, are gehiago urrunduko da etorkizun berriztagarria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.