ANALISIA. EUSKO LEGEBILTZARRERAKO HAUTESKUNDEAK

Zenbakien esanahia aldatu da

Pello Urzelai.
2005eko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Zenbakiak askorik aldatu gabe, oso bestelako egoera politikoa marraztu dute Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeek. Gehiengoen jokoak ekarri du aldaketa ikusgarriena: orain arteko gehiengo erlatiboak (hirukoarena) ez du sostengu nahikoa, ez gobernagarritasun lasaia bermatzeko, ez Estatutu Proposamena edo galdeketa bezalako proiektu handiak garatzeko. Negoziatu eta hitzartzeko beharrak adostasun berriak eragingo ditu. Baina gehiengoen dantza egoera berriaren zati bat baino ez da. Zenbaki nagusiak askorik aldatu ez badira ere, apustu politikoak nabarmen aldatu dira.

gMULTZOKA: Banan-banan aztertuta, gorabeherak izan dira. Funikularraren antzera. EAJ-EAren jaitsiera (%23 erkidego osoan 2001eko emaitzekin alderatuta), EHAKren agerpena (EHren emaitzak hobetuz), PPren beherakada (%36,13), PSE-EEren igoera (%7,59), Aralarren sarrera, EB-Berdeen berdinketa, UAren desagerpena... Multzoka aztertuta ez dago hainbesteko gorabeherarik. Mapa politikoa berdintsu dago duela lau urtekoarekin alderatuta. Adibidez, abertzaleen multzoak 2001ean (EAJ-EA + EH) botoen %52,41 eskuratu zuen, PP eta PSE-EEren arteko multzoak %40,68 eta EB-IUk %5,53. Igandeko hauteskundeetan emaitza erlatiboak oso berdintsuak dira. Abertzaleen multzoak (orain EAJ-EA + EHAK + Aralar) pixka gora egin du (%53,22). Bigarren multzoa (PP + PSE-EE + UA) berdintsu gelditu da (%40,39) eta EB-Berdeei dagokiena ere (%5,4).

Azken lau urteetako hauteskundeei begiratuz gero, argi ikusten da abertzaleen multzoaren emaitzarik hoberenak Ðportzentajeari begiratutaÐ joan den igandekoak direla: 2001ean %52,41 lortu zuen,2003ko foru hauteskundeetan %53,01, 2004ko Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan %47,37 eta Europako Parlamenturakoetan %50,98. Kasu hauetan guztietan, baliogabetutako botoa (AuB, Bergarako ekimena eta HZ) baliozkotzat joz. Hirukoa, aldiz, pixka bat ahulago dago, koalizioak izan duen galera dela medio. Igandeko emaitzekin zilegi da hitz egitea Ibarretxeren Planaren porrotari buruz? Erabakitzeko eskubidearen erabilpena ekarriko duen prozesu bati dagokionez, ez. Agian bai, prozesu honen kudeaketa mota bat auzitan jarri dute koalizioaren emaitzek.

gJARREREN ALDAKETA: Multzo nagusien arteko oreka kasik ez da aldatu, baina horrek ez du esan nahi aldaketarik gertatu ez denik. Zeren eta 2001ean eta 2005ean zenbaki berek ez baitute gauza bera adierazten. Adibidez, EB-Berdeen botoen esanahia ez da duela lau urtekoaren berdina. Eusko Jaurlaritzan egin duen ibilbidea, Estatutu Proposamena bultzatu izana edo IUtik bereizi eta federatu izana ez da alferrik gertatu. Politikoki hurbildu da abertzaleen eremura. Edo, bestela esanda, abertzaleen planteamenduak Ðautodeterminazio eskubidearen defentsaÐ zabaldu egin dira.

PP eta PSE-EEren arteko multzoaren barruan gertatu diren mugimenduak ez dira izan numerikoak bakarrik. Apustu politikoa ere aldatu da. Duela lau urte, Mayorren PP eta Redondoren PSE-EEren batuketa norabide berean zihoan; fronte bat osatzen zuten. Ezin da ukatu PSE-EEk Eusko Jaurlaritzako lehendakaritza eskuratzeko gogo bizia duenik, baina PPk gidatu nahi zuen alternatibak aspaldian egin zuen porrot, eta igandean porrot hori berretsi da, Maria San Gilen emaitzak direla medio. Ikusteko dagoena PSOEren estatu politika (euskal auziari eta ezker abertzaleari dagokienez) beste norabide bat hartzen ote duen, Eusko Legebiltzarrean PPri aurrea hartu ondoren. Oraindik zantzuk kontraesankorrak daude. Zapateroren gobernuak EHAKren zerrenda inpugnatu ez izana beste aro baten hasieraren erakusle izan daiteke. Jose Blanco PSOEko antolakuntza idazkariak atzo bertan «bazterketarik gabeko elkarrizketa» aldarrikatu izana ere seinale ona izan daiteke. Baina Estatuko fiskalak EHAK «ikerketa pean» (susmopean) dagoela gogoratu izanak itzalak eta lainoak baino ez ditu jartzen hortzmugan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.