Ambuiberica enpresa pribatuari eman dio Eusko Jaurlaritzak anbulantzien larrialdi zerbitzua. DYAren esanetan, ordea, litekeena da prozesu horretan Jaurlaritzak irregulartasunen bat egin izana. Horregatik, erabakiaren aurka helegitea jartzea erabaki du DYAk. Gurutze Gorriak, bestalde, presentzia urria izango du Bizkaian, baina larrialdi zerbitzuak mantenduko ditu Gipuzkoan eta Araban. Helegiterik jarriko ote duen erabakiko du etzi.
Herritarrei eskainitako laguntzaren kalitatea murrizteko arriskua dagoela ohartarazi du DYAk. "Esleipen prozesuan irregulartasun larriak egon direlako eta erabaki honek herritarrei eskainiko zerbitzuaren kalitatea murriztu dezakeelako" jarri dute helegitea, Sergio Calzada DYAko komunikazio arduradunaren arabera.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, ordea, erantzun du garden jokatu duela prozesu osoan, Kontratazioen Legea beteta.