Kataluniako Diada ospatu baino bi egun lehenago aurkeztuko du ANC Kataluniako Biltzar Nazionalak Euskal Herrian duen ordezkaritza. Katalunian ez ezik, beste 25 herrialdetan ere baditu biltzarrak ANCk, eta horietako bat da Euskal Herrikoa. Aurtengo otsailean sortu zen, eta Euskal Herrian bizi diren kataluniarrez nahiz Kataluniarekiko lotura duten euskal herritarrez osatuta dago.
Aurkezpena ANCko presidenteorde Jaume Marfanyk egingo du, Bilboko Kafe Antzokian, 20:00etan. Gero, mahai inguru bat egingo dute Kataluniako prozesu subiranistaren giltzarrien eta Euskal Herrian atera daitezkeen ondorioen inguruan. Aurretik, 18:30ean, irailaren 11n Bartzelonan egitekoak diren V-a irudikatuko dute.